Wilhelm von Humboldt
Wilhelm von Humboldt edo jaiotzez Friedrich Wilhelm Christian Carl Ferdinand (Potsdam, 1767ko ekainaren 22a – Tegel, 1835eko apirilaren 8a) hizkuntzalari, filosofo, diplomatiko eta noble prusiarra izan zen. Besteak beste, bere herrialdeko hezkuntza sistema diseinatu zuen, eta Humboldt-Universität izeneko Berlingo unibertsitatea sortu zuen[1] 1810ean. Alexander von Humboldt anaia gaztea zientzialari eta naturalista ospetsua izan zen. Euskara zientziaren ikuspegitik aztertzen lehenengoetarikoa izan zen.[2]
« | Bere garaian aitzindaria izan zela esan daiteke, euskara eta euskal kultura berak sartu baitzituen zientzian. Bultzada handia eman zien, eta berak sortutako eraginagatik hasi ziren zientzilariak euskara ikertzen. | » |
Jose Antonio Arana Martija[2] |
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia aberats batean jaio zen. Aitaren aldetik, Pomeraniako familia burges batekoa zen. Aitona Prusiako armadako ofiziala izan zen eta 1738an noble izendatu zuten meritu militarrengatik eta berak hala eskatuta. Haren semea, Alexander Georg (Wilhelmen aita) ere armadan egon zen eta Elisabeth von Holwede alargunarekin ezkondu zen 1766an. Horrela, Tegel jauregia eskuratu zuen.
Wilhelm Tegelen (Prusia) jaio zen. Gurasoek pertsona jakintsuen eskuetan utzi zuten semeen irakaskuntza. Abantaila hori izan zuten biek eta erreferentziazko intelektualak bilakatu ziren berak ere. Alexander von Humboldt zientzialari naturalista ospetsua izan zen. Wilhelm von Humboldt, berriz, bere garaiko intelektual handienetako bat izan zen, eta haren ikerlanak oraindik ere ezinbesteko erreferentzia dira hainbat arlo zientifikotan, hizkuntzalaritzan, esaterako. Besteak beste, makroekonomia, estatistika eta filosofia ikasi zituten unibertsitatera joateko ikasketetan. Neguan Berlinen ikasten zuten eta udan Tegelen. Bere Irakasleetako bat Gottlieb Johann Christian Kunth izan zen. Hark Humboldt familiaren aldamenean pasa zuen bizi osoa eta familiaren panteoian ehortzi zuten 1829ean zendu zenean.
Hamahiru urterekin Wilhelmek ederki egiten zuen grekeraz, latinez eta frantsesez eta hizkuntza horietako idazle famatuenak ezagutzen zituen. Ikasteko zuen ahalmenak helduak ikaratu zituen. Markus Herz sendagilearen etxea ere bisitatzen zuten bi anaiek, filosofia eta fisika klaseak ematen baitzituen. Bertan, Wilhelmek Henriette Herz ezagutu zuen eta maitemindu egin zen. Hala ere, geroago Caroline von Dacheröden ezagutu zuen eta hura bilakatu zen haren emazte.
Gobernuan lan egiteko prestatu nahi zituen amak, eta horregatik izan zuten heziketa hori. Wilhelm abokatua izatea, hori zen asmoa, eta anaiak, Alexanderrek, ekonomia ikasketak egitea. Biak Fráncfort der Oderko unibertsitatean hasi ziren, baina Wilhelmek utzi egin zuen lehenengo hilabeteetan eta 1788ko udaberrian Gotingako unibertsitatean matrikulatu zen.
Gotingako unibertsitatean bere gogoko gaiak landu zituen: filosofia, historia eta antzinako hizkuntzak ikasi zituen. Irakasle handiekin ikasi zuen, hala nola Georg Christoph Lichtenbergekin eta Christian Gottlob Heynerekin. Urte horretan ezagutu zuen Caroline von Dacheröden. Bion arteko eskutitzak familien eredu bilakatu ziren burgesia alemanarentzat XIX. eta XX. mendeetan.
1788. urte amaieran Gotinganetik Rin aldera bidaia bat hasi zuen, Friedrich Heinrich Jacobirekin. Bidai honetan Georg Forster (munduari buelta emandakoa) ezagutu zuen. 1789ko udan Parisera joan zen, Iraultza Frantsera ezagutuz. Gabonak Weimaren pasa zituen bere neskarekin eta Friedrich Schiller eta Johann Wolfgang von Goethe ezagutu zituen han.
1790ean, ikasketak burutu ostean gobernuarentzat lanean hasi zen.1791ko Ekainaren 29an ezkondu zen eta Turingian zegoen Dacheröden etxean bizitzera joan ziren. Biek grekera kultura, artea eta filosofia landu zuten eta Halleko antzinako hizkuntzen filologoarekin (Friedrich August Wolf) eskutitzak partekatu zituzten.
1794ean Jenara joan zen bizitzera familiarekin, Schiller lan egiten ari zen hirira. Lehenik Schillerekin eta gero Goetherekin harreman estuak izan zituen eta bien lanetan eragina izan zuen. Bere eragina Schillerren Wallenstein-ean etaGoethen Herrmann und Dorothean antzematen da.
Ama (Elisabeth von Humboldt) hil egin zenean (1797) dirua semeei utzi zien eta Schillerekin zuten harremana amaitu egin zen. Wilhelm Tegeleko jauregiaren kargu egin zen eta Alexanderrek Ameriketara bidaia zientifiko bat egiteko erabili zuen dirua.
Wilhelm bere familiarekin Parisera bizitzera joan zen eta hango pertsona garratzitsuak ezagutu zituen, David margolari iraultzailea, Abate Sieyés edo Madame de Staël adibidez. Handik abiatu zen gurera etorri zenean.
Hizkuntzalaria, poeta, literatur kritikaria eta politikaria izaki, orduko kulturaren gizon sonatuenekin harremanak izan zituen, hala nola Goethe edo Schillerrekin, eta Euskal Herrian, Mogel, Astarloa edo Prestamerorekin.
1799an Euskal Herria lehen aldiz zeharkatu zuen, Madrilera bidean. 1801ean lehen bidaian sorrarazitako jakin mina ase ahal izan zuen, eta gure herrian zehar hara eta hona ibili zen hizkuntzaz, kulturaz, paisaiaz, ohiturez, erakundeez ohar ugari hartuta. Haien ondorioz idatzi zuen hizkuntza askotara itzulitako "Euskaldunak".
1802an Vatikanora joan zen Prusiaren ordezkari gisa. Ez zuen lan askorik izan eta Erromako jende boteretsuekin erlazio onak mantentzen aritu zen gehienbat. 1804an Goetheri idatzitako eskutitza da honen lekuko. 1805eko udan bere anaia Ameriketatik heldu zen eta bi anaiak hiru hilabete elkarrekin pasa zituzten Erroman.
Frantsesek Jena eta Auerstedt hiriak hartu zituztenean, Prusia mendean hartu zuten. Berlin hiria 1806an hartu zuten, baina hau guztia Humboldt Erroman zegoela gertatu zen. Nahiz eta berari ez zitzaion ezer gertatu, oso txarto hartu zituen bere herrialdetik ailegatzen ziren berriak. Udazkenean eskutitz hau (zati bat da) idatzi zion Karl August Kanpo Ministroari:
"Ich war niemals ehrgeizig oder interessiert und zufrieden mit dem Posten in dem Lande, das ich bewohne und das ich liebe und habe weder gesucht noch gewünscht, in eine andere Lage zu kommen, aber jetzt ist es mir peinlich, hier müßig zu sein und nichts für das bedrängte Vaterland tun zu können"
"Ez naiz inoiz berekoia izan eta beti egon naiz gustura euki dudan postuarekin maite dudan herrialde honetan, ez dut inoiz beste posturik nahi izan edo bilatu, baina orain tristura sentitzen dut hemen ezer egin gabe egon behar izatean, maite dudan herrialdearentzat ezer egin ahal dudala."
Erroman pasa zituen urte haietan gertakari historiko ugari gertatu ziren Prusian baina bera salbu zegoen Erroman. Tegel jauregia hustu egin zuten lapurrek eta 1808ean itzultzea erabaki zuen. Bueltatu zenean irakaskuntza saila eman zion gobernuak. Lehenengo momentuan onartzeko edo uko egiteko zalantzekin egon zen ministroaren menpe egon behar zuelako eta ondorioz egin nahi zituen aldaketak egiteko askatasuna edukiko ez zuen beldurrarekin. Azkenean, postua onartu eta erreforma handiak egin zituen. Bere ideietako bat Unibertsitateak Estatuaren kontroletik aparte egon behar zuela zen. Etapa honetan Caroline Erroman egon zen 1810ra arte. Urte horretan, Vienara bizitzera joan zen bere senarrarekin batera.
1810ean Prusiako hezkuntza ministroa zela, Berlingo Unibertsitatea sorrarazi zuen. 1815ean diplomatiko gisa, maila handieneko lanak egin zituen; haren ardura politikoek Europan zehar eraman zuten. Prusiako ordezkari gisa parte hartu zuen Napoleon menperatu ondorengo Europan absolutismoaren Errestaurazioa ekarri zuen Vienako Kongresuan.
1816ean, Franckfurt del Mainera bidali zuten urte batez, eta gero Londonera. 1819ean, ministro izatea lortu zuen. Karlsbad dekretuak sinatu ziren urte horretan. Dekretu hauek liberalen kontrakoak ziren unibertsitateetan eta gatazka ugari jazo ziren momentu horietan irakaskuntzan. Karlsbad dekretuak Austria eta Prusiaren artean sinatu ziren. Momentu horretan bi alderdi zeuden, nor baino nor. Alde batean Humboldt eta bestean aldiz, Hardenberg. Naiz eta Whilemek lagun batzuk bildu zituen bere kausarako, azkenean galdu egin zuen norgehiagoka. Urte hartako azken egunean, kargutik bota zuten irakaskuntzan egiten ari ziren aldaketen kontra joateagatik.
1820an politika utzi eta hizkuntzalaritzari guztiz eman zitzaion. Lehenetarikoa izan zen hizkuntzalaritza konparatuan; berrehun bat hizkuntza ezagutzera iritsi zen, haien artean euskara, bere kuttunenetakoa.[3]
Karl Friedrich Schinkel arkitektoak Tegel jauregia eraberritu zuen eta hara bizitzera joan zen Wilhelm. Luze iraun zuen eraberritasun lanak, 1824ko urrian bukatu baitziren. Estreinaldian, Prusiako printzea egon zen jauregian.
Biek Altes Museuma egin zuten geroago, arkitektoak eraikina eginez eta Humboldtek arte lanak aukeratuz.
1829ean Caroline hil zen eta Wilhelm arin zahartu zen (badirudi Parkinson gaixotasunaren sintomekin zegoela). Hala eta guztiz ere, bere bizimoduarekin jarraitu egin zuen eta egunero soneto bat sortzen zuen.
1830ean erregeak zenbait kondekorazio eman zizkion berari eta gainera estatuko kontseiluan egoteko eskatu egin zion.
1835ean zendu zen. Bere familiak Tegel jauregia mantendu du eta bertan museoa ere badago. 2006an errestaurazio bat egin zen jauregian eta lorategietan.
Ilargiko Humbolt kraterra bere omenez izendatu zuten. Krater ikaragarri handia da; 207 km-ko diametroduna eta 5.160 m-ko sakonera dituena.
Humboldt eta giza prestakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Egiteko obra handi eta bikaina litzateke, baldin norbaitek giza ezagutzako diziplina desberdinek, beren hedapen zoriontsurako, eskatzen duten gaitasun propioak adierazteari ekingo balio; bakoitza lantzeko espiritu egiazkoa, eta denak beren artean uztartzeko behar den lotura, gizadiaren heziketa bere osoan osa dadin.
Matematikaria, natur zientzialaria, artista, baita sarri filosofoa bera ere beren auzian abiatu ohi dira bere natura propioa ezagutu gabe eta hura bere osotasunean ikusi gabe; aldiz, gutxi batzuk igotzen dira geroago puntu horretara eta perspektiba orokorrago horretara. Baina egoera okerragoan gertatzen da oraindik, diziplina haietako bat bakarra kanpoan uztea hautatu gabe, bere heziketarako guztietatik abantaila atera nahi duena. Askoren artean hautatu beharraren nekean, eta prestutasun faltan, bat edo beste, haren muga estuetatik irtenik, azken helburu propio orokorrago baterako erabiltzeko asmoz, derrigor iristen da goizago edo beranduago bere burua halabeharraren esku uztera, eta zerbait hartzen badu mendeko asmoetarako bakarrik edo denbora laburtzen duen mekanismo soil bezala erabiltzera. Hemen datza arrangurara sarri eta ez zuzentasun gabeko baten arrazoi handienetako bat, alegia, jakitea alferrikako eta espirituaren lantzea antzu geratzen dela, gure inguruan gauza asko egiten dela baina gugan apenas ezer hobetzen dela, eta buruaren heziketa zientifiko goragoko eta gutxirentzat egoki denaren gainetik, gogoaren orokorrago eta bertanagotik baliagarria albora uzten dela.[4] |
» |
Wilhelm von Humboldt |
Humboldt eta foruak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Zer harreman eduki behar du monarkia espainiarrak (Frantziako errepublikaren kasuan euskal barrutiek ez dute halako garrantzirik) euskal nazioarekin, euskal lurraldeko indarra eta jarduera Eepainiarrentzat ahalik eta probetxugarrienak izan daitezen? (...) Bigarren galderak interes praktiko handiagoa du, areago gaurko egunean ohiko gauza denean herri desberdinak Estatu bakar batera biltzea. Baina argi eta garbi aitortu beharra dago orain arte beti eman zaiola garrantzi handiagoa desberdintasunetatik etorritako arazoak saihesteari, berezitasunak dakartzaten alde onak baliatzeari baino. | » |
Wilhelm von Humboldt |
Euskalaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizkuntzalaritzaren arloan, bere lanik garrantzitsuenak euskarari buruzkoak izan ziren. 1799an etorri zen lehenengo aldiz Euskal Herrira bere emaztearekin, bi semeekin eta bere laguna zen Gropius margolariarekin. 1800. urteko apirilean bukatu zuen bidaia luze eta interesgarri honek zirrara sakona eragin zion Humboldti eta, beraz, itzuli egin zen urte bat geroago; zehazki, 1801eko apirilean. Bigarren bidaia hura bere lagun Guillermo Bokelmann-ekin egin zuen eta Bizkaia osoa herriz herri ezagutzeko denbora hartzeaz gain, hainbat egileren lanak ere irakurri zituen; hala nola, José Joaquín de Landazuri, Axular, Antonio Moret, Bourgoing, Dillon eta Arnaud Oihenarten lanak. Horrez gain, harreman zuzena izan zuen Joan Antonio Moguel hizkuntzalariarekin, Pablo Pedro Astarloarekin, Larralderekin eta Garat abeslariarekin.
Humboldten lanen artean bi dira nabarmentzekoak: Berichtigungen und Zusaetze zu Adelungs Mithridates über die kantabrische oder baskische Sprache edo "Adelung-en Mithridates-i zuzenketak eta osaketak kantauriar edo euskal hizkuntzari buruz" (Berlin, 1817) eta Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohnner Hispaniens vermittelst der Vaskischen Sprache edo "Hispaniako jatorrizko biztanleen ikerketaren azterketa euskal hizkuntzaren bidez" (Berlin, 1821).
Lan horietan Humboldtek Euskal Herria idealizatu egin zuen eta euskara hizkuntza perfektutzat hartu zuen. Horrez gain, euskara Europako hizkuntzarik zaharrenen artean kokatu zuen. Haren ikerketak euskoiberismoaren hipotesia sustatu zuen.
Nolanahi ere, Humboldtek euskara laster desagertuko zela iragarri zuen. Horretan ez zuen asmatu, eta euskoiberismoaren alde egitean ere ez; baina euskal hizkuntzalaritzari sekulako bultzada eman zion, Euskal Herrian eta Alemanian. Humboldten lana oinarri izango zuten euskararen azterketa zientziatzat (eta ez asmakizunen bildumatzat) hartuko zutenek.
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sokrates und Platon über die Gottheit (Sokrates eta Platon jaungoikotzari buruz), 1787‒1790
- Ideen zu einem Versuch, die Gränzen der Wirksamkeit des Staates zu bestimmen (Estatuaren boterea murrizteko ideak, 1791-1792 (lehenengoz argitaratua bera hil eta gero, 1851ean).
- Über den Geschlechtsunterschied (Sexuen ezberdintasunei buruz), 1794
- Über männliche und weibliche Form (Har eta hemeen formei buruz), 1795
- Plan einer vergleichenden Anthropologie (Antropologia konparatibarako plana), 1797
- Das achtzehnte Jahrhundert (XVIII. mendea), 1797
- Ästhetische Versuche I.: Über Goethe's Hermann und Dorothea (Estetika ikaskuntzak I: Goethen Hermann eta Dorotheari buruz), 1799
- Latium und Hellas (Lacio eta Hellas), 1806
- Geschichte des Verfalls und Untergangs der griechischen Freistaaten (Estatu greko azkeen galerak), 1807‒1808
- Pindars "Olympische Oden" ( Píndaroren oda olinpikoak, grekerazko itzulpena), 1816
- Aischylos’ „Agamemnon“ (Esquiloren Agamenón , grekerazko itzulpena), 1816
- Berichtigungen und Zusaetze zu Adelungs Mithridates über die kantabrische oder baskische Sprache (Adelungen Mithridatesaren zuzenketak eta luzapenak hizkuntz kantabrikoa edo euskerari buruz), 1817.
- Über das vergleichende Sprachstudium in Beziehung auf die verschiedenen Epochen der Sprachentwicklung (Linguistika konparatibari buruz linguistikaren garai ezberdinetan konparatuz), 1820
- Über die Aufgabe des Geschichtsschreibers (Historien idazlearen helburuari buruz), 1821
- Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Hispaniens vermittelst der Baskischen Sprache (Hispaniako lehen biztanleen azterketaren hausnarketa euskararen bitartez), 1821
- Über die Entstehung der grammatischen Formen und ihren Einfluss auf die Ideenentwicklung (Forma gramatikalen agerrerareni buruz eta ideien sorreran eduki duen garrantzia), 1822
- Über die Buchstabenschrift und ihren Zusammenhang mit dem Sprachbau (Idazkera alfabetikoari buruz eta hizkuntzaren bilakaerarekin duen harremena), 1824
- Bhagavad-Gitá (Bhagavad-Gita), 1826
- Über die unter den Namen Bhagavad-Gitá bekannte Episode des Maha Bharata (Maha Bharataren atalari buruz, Bhagavad-Gita izenaz ezaguna dena), 1826
- Über den Dualis (Dualari buruz), 1827
- Über die Sprache der Südseeinseln (Hegoaldeko itsasoen irlen hizkuntzari buruz), 1828
- Über die Verwandschaft der Orisadverbien mit dem Pronomen in einigen Sprachen (Oris adberbioen antzekotasunari buruz izkuntz batzuen pronombreekiko), 1830
- Über Schiller und den Gang seiner Geistesentwicklung (Schilleri buruz eta bere jakituriaren desagerpenari buruz), 1830
- Rezension von Goethes Zweitem römischem Aufenthalt (Goethek Erroman bigarren egonaldian izandako galera), 1830
- Über die Verschiedenheit des menschlichen Sprachbaus und seinen Einfluss auf die geistige Entwicklung des Menschengeschlechts (gizakion hizkuntzarn estrukturen ezberdintasuanei buruz eta bere eragina gizakion eraldaketa intelektulena izandako eragina), 1836
- Über die Kawisprache auf der Insel Java (Kawi hizkuntzari buruz Javako irlan), 1836 - 1840
- Gesammelte Schriften (Idazmen bilduak), Preußischen Akademie der Wissenschaftenren edizioa, Albert Leitzmann, Berlin 1903-1936, berriz imprimatua 1968ean
- Werke in fünf Bänden (Bost tomotako Lana), edizio luzatua, Darmstadt 2002
- Über die Verschiedenheit des menschlichen Sprachbaues und ihren Einfluß auf die geistige Entwicklung des Menschengeschlechts (Gizakion hizkuntzaren estrukturen ezberdintazunei buruz eta bere eragina gizakion eraldaketa intelektulena izandako eragina), Paderborn 1998
- Über die Sprache. Reden vor der Akademie (Hizkuntzari buruz. Academiaren diskurtsoak), Tübingen 1994
- Bildung und Sprache (Hizkuntza eta hezkuntza), 5. edizioa zuzendua, Paderborn 1997
- Ideen zu einem Versuch, die Grenzen der Wirksamkeit des Staats zu bestimmen (Estatuaren boterea murrizteko proiektua egiteko ideiak), Stuttgart 1986
Euskarara ekarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Idazki hautatuak.[5]
Esaldi ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Gobernurik onena beharrezkoa ez dena bilakatzen dena da.
- Ikaragarria da arimak gorputzean eragiten duen indarra.
- Nor bere buruaren nagusi denak, bere jomuga bera baino garrantzitsuagoa da.
- Hizkuntzak herrien arimen kanpo-manifestazioak dira.
- Benetako gozotasuna, burua eta gorputza lantzetik dator; biek daude beti lotuta.
- Euskara formazio perfektuenetako hizkuntza da, hitzen egituragatik, laburtasunagatik eta adierazpenek duten indarrarengatik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
- ↑ (Ingelesez) Humboldt unibertsitatearen historia labur bat
- ↑ a b Juanan Hernández: «Humboldt eta Atxaga», El País, 2000-12-04.
- ↑ Zumalakarregi Museoaren Webgunearen artikulua CC-BY-SA lizentziapean argitaratua
- ↑ Humboldt, Wilhelm von. (2001). Idazki hautatuak. (1. argit. argitaraldia) Klasikoak ISBN 84-88303-29-7. PMC 433932152. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
- ↑ Humboldt, Wilhelm von. (2001). Idazki hautatuak. (1. argit. argitaraldia) Klasikoak bilduma ISBN 84-88303-29-7. PMC 433932152. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Idatzi hautatuak. Klasikoak bilduma. Itzultzailea: Pello Zabaleta Kortaberria; Berrikuslea: Joxe Azurmendi Otaegi ; Testu zuzentzailea: Lorea Arrieta Zubillaga; Hitzaurrea: Clemens Menze; Argitaratze data: 2001-02-19; Orrialde kopurua: 292; ISBN: 84-88303-29-7
- Azurmendi, Joxe (2003): "Humboldt eta historia: filosofia baten bila", RIEV, 48:1; 143-161. ISSN 0212-7016.
- Azurmendi, J. (2003): "Humboldt eta Renanen nazio kontzeptua", RIEV, 48:1; 91-124. ISSN 0212-7016.
- (Alemanez) Azurmendi, Joxe (2003): Ein Denkmal der Achtung und Liebe. Humboldt über die baskische Landschaft, RIEV, 48-1: 125-142. ISSN 0212-7016
- [[Joxe Azurmendi|Azurmendi, Joxe] (2007): Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-099-3
- (Alemanez) Zabaleta Gorrotxategi, I. (1998): W. von Humboldts Forschungen über die baskische Nation und Sprache und ihre Bedeutung für seine Anthropologie. Köln. (tesia)
- Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki (2005): Wilhem von Humboldt: hezkuntza eta hizkuntza, Donostia, Jakin. ISBN 84-95234-27-0
- Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki (2007): Euskaldunak Wilhelm Von Humboldt-en begietan: RSBAP, 2007-11-17, Azkoitia. - Egan, 2007-1/2, 15-32.
- Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki (2017): Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea. ISBN 978-84-9082-765-9
- Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki (2023): Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan, Andoain, Jakin. ISBN 978-84-949759-5-0
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wilhelm von Humboldt |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Wilhelm von Humboldt |
- Xabier Altzibar: Gilen Humboldt (1767-1835)
- 1801. Euskaldunen herrian barrena. Humboldtek Euskal Herritik egin zuen bidaia ezagutzeko webgunea. gipuzkoakultura.net
- (Alemanez)(Ingelesez) Humboldt Unibertsitatea
- (Gaztelaniaz) Humboldten biografia Auñamendi Entziklopedian
- (Gaztelaniaz) Humboldt, Wilhelm Freicher von: «Los vascos o Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en primavera del año 1801», Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 15, 3.
- Joan-etorria euskarazko material-didaktikoa.