Edukira joan

Espainiako Gerra Zibila Alkizan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Espainiako Gerra Zibilean Alkiza ez zen ez fronte ezta borroka-leku ere izan. Alabaina ondorioak utzi zituen herrian.

1931ko martxoan Juan Bautista Aznar y Cabañas almirantea buru zuen Espainiako gobernuak udal hauteskundeak deitu zituen apirilaren 12rako. Udal hauteskunde horiek antolatzeko 1907ko abuztuaren 8ko hauteskunde-legea erabili zen. Lege horren 29. artikuluak zioen hautagai gutxiago baleude bete beharreko zinegotzi-postuak baino hautagai guztiak automatiko zinegotzi bihurtzen zirela[1]. Horrelaxe gertatu gertatu zen Alkizan.

Hortaz, jeltzale etiketarekin aurkeztutako Krispin Sorarrain, Sebastian Uria, Tomas Zubiaurre, Jose Tolosa, Juan Bautista Zabala eta Gregorio Goenaga izendatu ziren zinegotzi. Krispin Sorarrain izendatu zen alkate eta Jose Tolosa alkateorde.

Hauteskunde horietan estatuko hiriburu eta hiri inportante gehienetan indar errepublikazaleak nagusitu ziren. Ondorioz, erregimen monarkikoa erori zen eta Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen.

Arduradun politiko errepublikazaleek uste zuten 1907ko legearen 29. artikuluaren arabera izendatutako zinegotziak ezin zirela guztiz demokratikotzat jo eta 1933ko apirilaren 23rako udal hauteskundeak egin ziren kasu hori gertatzen zen herrietan. Alkizan 1931an izendatutako batzuk berretsi ziren eta berri batzuk hautatu. Hauek izan ziren hautatutakoak: Krispin Sorarrain, Tomas Zubiaurre, Luis Iruretagoina, Antonio Elola, Jose Tolosa eta Simon Ugalde. 1934an Jose Tolosak hartu zuen alkatetza. Krispinek zinegotzi moduan segitu zuen.

1936ko urtarrilaren 7an Espainiako errepublikaren presidente Niceto Alcala Zamorak Parlamentua disolbatu zuen eta hauteskundeak deitu zituen otsailaren 16rako lehen itzulian eta martxoaren 1erako bigarren itzulian[2].

Gipuzkoan hauteskundeetara hiru bloke handi aurkeztu ziren: EAJ, Fronte Popularra eta Eskuineko blokea (CEDA, Comunión Tradicionalista eta Renovación Española) eskuinak eta karlistak biltzen zituena. Gipuzkoatik 6 diputatu aukeratzen ziren zerrenda irekien bidez. Hautagaitza bakoitzak gehienez 4 hautagai aurkez zitzakeen. Hautagaiek boto portzentaje minimoa lortzen ez bazuten lehen itzulian bigarrena egin behar zen. Halaxe jazo zen Gipuzkoan 1936an.

Alkizan lehen itzulian Eskuineko Blokeko lau hautagaiak nagusitu ziren. Bigarren EAJ izan zen eta hirugarren, urrun, Fronte Popularra. Bigarren itzulirako Eskuineko Blokeko lau hautagaiak erretiratu egin ziren eta EAJk aise irabazi zuen Alkizan. Beheko taulan daude hauteskundeen emitzak.

Hautagaia Lehen itzulia Bigarren itzulia
Manuel Irujo, EAJ 62 117
J. Antonio Irazusta, EAJ 48 115
Telesforo Monzon, EAJ 49 -
Jose María Lasarte, EAJ 50 115
Rafael Pikabea, EAJ 46 115
Antonio Paguaga, Comunión Tradicionalista 99 -
Juan Pedro Lojendio, CEDA 99 -
Ricardo Oreja, Comunión Tradicionalista 99 -
Miguel Amilibia; PSOE 4 2
Mariano Anso, Izquierda Republicana 4 2
Luis Apaiz, Izquierda Republicana 4 2
Jesus Larrañaga, PCE 4 2

1936ko uztailaren 17an eta 18an Espainiako armadaren zati inportante batek estatu-kolpea jo zuen, baina ez zuen lortu estatu osoan arrakasta izatea. Horrek 3 urteko gerra zibila piztu zuen. Arrakasta lortu zuten tokietako bat Nafarroa izan zen. Hortik militar eta erreketez osatutako taldeak Gipuzkoan sartu ziren hurrengo egunetan.

Benedikto Barandalla karlista etxarriaranaztarrak osatutako errekete-taldeko 10 gizonek Alkiza hartu zuten abuztuaren 12an tiro bat ere jo gabe.

Hala ere gerran zehar 9 alkizar hil ziren. Errepublikaren aldeko, 5: Jose Ramon Iruretagoiena Mendiola, Igarantzabal baserrikoa, (1937-05-13, Bizkaiko frontean), Bernardo Elola Gozategi, Urrutikoetxea baserrikoa, (1937-05-30, Bizkaiko frontean), Eloi Belasko Santiago, Maisu-etxekoa, (1938-11-13, Logroñon), Jose Lorentzo Ugarte Goikoetxea, Zumitz Berri baserrikoa, (1936ko abenduan, Lekeition) eta Pedro Alkorta Sasiain, Igaran errotakoa, (1936an Tolosako San Blas kanposantuan fusilatuta). Matxinatuen aldeko, 4: Antonio Maria Urruzola Arantzabe, Intxaurraundiaga baserrikoa (1938-03-27, Zaragozan), Ramon Iruretagoiena Saralegi, Etxabe baserrikoa (1938-08-20), Bartolome Otegi Sarasola, Arpide baserrikoa (1938-11-13, Gaztelako frontean) eta Martin Urkaitz Exposito, Areta baserrikoa (1938-11-13, Logroñon).

Alkiza kalisten eskuetan erotzeak berehalako ondorioak izan zituen. Burgosko Defentsa Batzorde Nazionalak Jose Tolosa eta gainerako zinegotziak — Krispin Sorarrain, Tomas Zubiaurre, Jose Luis Iruretagoina, Antonio Elola, eta Simon Ugalde—kargugabetu zituen eta Mateo Aranburu izendatu zuen alkate, Pantaleon Iruretagoiena alkateorde eta Juan Bautista Altuna, Francisco Uzkudun, Pedro Otegi eta Juan Cruz Urruzola zinegotzi.

Garai hartako dokumentazio asko erre egin zen eta datuak falta dira hasierako errepresio hari buruz, baina jakina da 500 pta-ko isunak jarri izan zitzaizkiela alkizar batzuei beren jarrera politikoagatik[3]. Halaber, Victoria Santiago Izquierdo maistrari kargua kendu zioten.

Erregimen frankistaren aparatuak bestelako karguak ere izendatu zituen. Horrela F.E.T y de las J.O.N.S erakundeko buru moduan Mateo Aranburu agertzen da 1939an[4], 1943an[5] eta 1947an[6] eta Jose Ignacio Galparsoro 1941ean[7].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b88bf55ea1f734f3c6. (2017-07-17). «Bigarren Errepublikako Emaitzak. 1931ko Udal Hauteskundeak» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-06).
  2. r01epd0122e4ed314423e0db04c97a47b5baa317f, r01e00000fe4e66771ba470b88bf55ea1f734f3c6. (2017-07-17). «Bigarren Errepublikako Emaitzak. 1936ko Hauteskundeak» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-06).
  3. Tormo, Eduardo. (2012). Memoria berreskuratzen jarraitzeko nahian. Oilategitik, 42-44 or..
  4. (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentín. (1939). Anuario Guipüzcoa en la mano. , 11 or..
  5. (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentín. (1943). Anuario Guipüzcoa en la mano. , 118 or..
  6. (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentín. (1947). Anuario Guipüzcoa en la mano. .
  7. (Gaztelaniaz) Reparaz Olague, Valentín. (1941). Anuario Guipüzcoa en la mano. , 13 or..