Edukira joan

Afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendua (1955-1968)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimenduko buruzagi nabarmen batzuk. Goian, ezkerrean; W. E. B. Du Bois. Goian, eskubian: Malcolm X. Behean, ezkerrean: Martin Luther King. Behean, eskubian: Rosa Parks.
Estatu Batuen Hegoaldeko estatuak, Deep South gisa ezaguturiko eskualde kultural eta geografikoa osatzen dutenak, eta artikulu honetan azaldutako ekimenetako askoren gertalekua ere badirenak.

1955 urtetik 1968 urtera bitartean gauzaturiko afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimendua Estatu Batuetan izandako gizarte mugimendu eraldatzaile zenbaiten multzoa izan zen, helburu gisa zeukatenak afro-amerikarrek pairatzen zuten arraza-diskriminazioa legez kanpo uztea eta Estatu Batuen Hegoaldeko estatuetan boto-eskubidea berrezartzea. Black Power Movement delakoaren agerpenarekin, zeinak gutxi gorabehera 1966tik 1975era bitartean iraun baitzuen, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren helburuei gehitu zitzaizkien arraza-duintasuna, buruaskitasun ekonomiko eta politikoa, eta zuriengandiko zapalkuntzatik askatzea.

Eskubide zibilen aldeko mugimenduan parte-hartzerik aktiboena izan zutenetako askok, hala nola NAACP, SNCC, CORE eta SCLCk, nahiago dute Southern Freedom Movement izena (alegia, "Hegoaldeko Askatasun Mugimendua"), borroka hura askoz ere haratago baitzihoan legearen araberako eskubide zibil hutsen ingurukoa izatetik: borroka zen, halaber, askatasunari, errespetuari, duintasunari eta berdintasun ekonomiko eta sozialari zegozkien oinarrizko aferei buruzkoa.

1955-1968 epean, desobedientzia zibileko eta indarkeriarik gabeko protesta-ekintzek krisi-egoerak sortu zituzten aktibisten eta agintarien artean. Gobernuek, negozioek, hezkuntza-erakundeek eta erkidegoek, hala maila federalekoek nola estatukoek eta udalerrietakoek, sarritan berehalako erantzuna eman behar izan zieten afro-amerikarren berdintasunik eza agerian uzten zuten krisi-egoerei.

Protesta egiteko eta desobedientzia zibilerako baliatu ziren, besteak beste, boikotak, hala nola Montgomery-ko Autobusen Boikota (Montgomery, Alabama, 1955-1956); eserialdiak, hala nola Greensboro-ko eserialdi eraginkorra (Greensboro, Ipar Carolina, 1960); martxak, Selma-tik Montgomery-rako martxak (Alabama, 1965) bezalakoak; eta indarkeriarik gabeko mota askotako beste zenbait jarduera.

Eskubide zibilen aldeko mugimenduaren fase honetako legegintza-lorpen azpimarragarriak izan ziren eskubide zibilen 1964ko legearen onespena (Civil Rights Act), zeinak diskriminazioa debekatu baitzuen enplegu-prozeduretan eta instalazio publikoetan; boto-eskubideei buruzko 1965eko legea (Voting Rights Act), zeinak boto-eskubideak berrezarri eta babestu baitzituen; 1965eko Immigration and Nationality Services Act legea, zeinaren bidez izugarri ireki baitzitzaien Estatu Batuetan sartzeko modua jatorri europar tradizionalekoak ez ziren giza taldeei; eta eskubide zibilen 1968ko legea, zeinak bazterkeria debekatu baitzuen etxebizitzen salmentan edo alokairuan.

Estatu Batuen Hegoaldean, afro-amerikarrak politikagintzan sartu ziren berriro ere, eta Estatu Batuetan zehar, gazteek ekintzarako inspirazioa jaso zuten.

Ordura arteko egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izugarrikeria: Will Brown-en gorpu kiskalia. Aurretik erail, zatikatu eta erre egin zuten, 1919ko Omahako arraza-liskarrean.

1876ko hauteskunde eztabaidatuen ondorio bat izan zen Berreraikuntza deritzon prozesua (Reconstruction, ingelesez; alegia, Estatu Batuetako gerra zibilaren osteko garaia) bukatzea. Horrekin batera, Estatu Batuetako Hegoaldean, zuriek eskualde horren gaineko kontrol politikoa berreskuratu zuten.

1890etik 1908ra bitartean, Hegoaldeko estatuetan afro-amerikarrei boto-eskubidea sistematikoki ukatzeko prozesua abian jarri zen (ingelesez disenfranchisement deritzon jokabidea, zeinaren bitartez pertsona edo giza talde bati boto-eskubidea kendu edo beren botoaren indarra murriztu edo guztiz deuseztatzen baita), eta ukazio horrek iraun zuen 1960ko hamarkadaren erdialdean eskubide zibilen legeria nazionala onetsi zen arte. Horrela, bada, eta adibide gisa, 60 urte baino gehiagoko epe batean beltzek Hegoaldean inor ere ez zuten hautatzerik izan beren interesak Kongresuan ordezkatzeko.

Aipagai dugun denbora-epean zehar, Alderdi Demokratak, zuriek kontrolatuta, Hegoaldearen gaineko kontrol politikoari heldu zion berriro ere. Alderdi Errepublikarra (Abraham Lincoln presidentearen alderdia), zeina izan baitzen beltz gehienak kide zituen alderdia, ezerezean gelditu zen, boto-emaile beltzen izen-ematea bertan behera utzi zenean. XX. mendearen lehenbiziko urteetarako, Hegoaldeko kargudun hautatu ia guztiak Alderdi Demokratakoak ziren.

Afro-amerikarrei boto-eskubidea ukatzen zitzaien aldi berean, legearen bitartez arraza-bereizketa inposatzen joan zen, eta beltzen aurkako indarkeriak berebiziko gorakada izan zuen.

Berreraikuntza ostean Estatu Batuetako Hegoaldean sorturiko arraza-bereizkeriaren eta zapalkuntzaren sistema hura, estatuak ageri-agerian onetsitakoa, "Jim Crow" izenaz egin zen ezagun. Eta ia-ia erabat bere horretan iraun zuen noiz eta 1950eko hamarkadaren hasierara arte.

Horregatik, XX. mendearen hasierako urteak Estatu Batuetako arraza-harremanek behea jo zuteneko garaitzat hartu ohi dira maiz (Nadir of American race relations). Nahiz eta eskubide zibilen urraketarik eta problemarik larrienak Hegoaldeko estatuetan jasaten ziren, gizarte-tirabirek eragina izan zuten beste eskualde batzuetan bizi ziren afro-amerikarrengan ere.

"Koloredunentzako" itxaron gela baten seinalizazioa (Rome, Georgia, 1943).
"Koloredunentzako" iturria (Halifax, Ipar Carolina, 1938 inguruan).

Berreraikuntza osteko garaiaren ezaugarriak:

  • Arraza bereizkeria. Legez, instalazio eta zerbitzu publikoak, hala nola ikastetxeak, "zurientzako" eta "koloredunentzako" esparru bereizietan banatu ziren. Aipagarria da koloredunentzat zirenek ez zutela jasotzen behar adinako finantzaketarik, eta kalitate apalagokoak zirela.
  • Boto-eskubidearen ukazioa (Disenfranchisement). Alderdi Demokratako zuriek boterea berreskuratu zutenean, beltzei erroldatze-eragozpenak ipintzen zizkieten legeak onetsi zituzten. Boto-emaile beltzak erroldetatik kanporatuak izan ziren. Boto-emaile afro-amerikarren kopuruak izugarrizko beherakada izan zuen, eta harrezkero ez zuten ordezkaririk hautatzerik izan. 1890etik 1908ra bitartean, garai bateko Konfederazioko kide izandako Hegoaldeko estatuek halako konstituzioak sortu zituzten non afro-amerikar gehienei eta hamar milaka zuri behartsuri boto-eskubidea ukatzen zieten xedapenak biltzen baitzituzten.
  • Esplotazioa. Beltz, latinoamerikar eta asiarrak ekonomikoki gero eta zapalduagoak izan ziren, ekonomia-aukerak ukatu zitzaizkien, eta haien aurkako kontratazio-diskriminazioa orokortu egin zen.
  • Indarkeria. Beltzen aurkako arraza-indarkeria, gizabanakoek, poliziak, erakundeek eta jendetzek (lintxamenduak) eginikoa (baita latinoamerikarren aurka ere, Hego-mendebaldean, eta asiarren aurka, Kalifornian).

Afro-amerikarrek eta beste arraza-gutxiengo batzuek antolamendu hori errefusatu egin zuten. Mota ezberdinetako erresistentzia-jokabideei eutsi zieten, eta bizitza-aukera hobeak bilatu zituzten, auziak jarriz, erakunde berriak sortuz, ordain politikoaren bidez, eta lanbide-esparruan antolatuz.

1909an, National Association for the Advancement of Colored People (NAACP) fundatu zen (alegia, "jende koloredunaren aurrerabiderako elkarte nazionala"). Auzi-jartzeen, hezkuntzaren eta lobby-jardunaren bidez arraza-bereizkeriari amaiera jartzeko helburuarekin borrokan jardun zuen. Bere ahaleginaren lorpen handia izan zen Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak Brown v. Board of Education kasuan (1954) emandako epaia, non gaitzetsi egin baitzuen zurientzako eta koloredunentzako eskola bereizien sistema, eta, era horretan, indargabetu egin zuen "separate but equal" doktrina (hots, "bereiziak baina berdinak"), Plessy v. Ferguson kasuan ezarri zena.

Hegoaldeko estatuetatik kanpo, gainontzeko estatuetan beltzen egoera zertxobait hobea zen (estaturik gehienetan botoa eman zezaketen, nahiz eta etxebizitzak edo lanpostuak eskuratzean bereizkeria jasaten zuten, hala ere). 1910-1970 epean, afro-amerikarrek, beren bizi-baldintzak hobetzearren, iparraldera nahiz mendebaldera migratu zuten. Guztira, Hegoaldetik ia zazpi milioi beltzek alde egin zuten, "Great Migration" gisa ezagutzen den horretan.

Brown vs. Board of Education kasuan lorturiko garaipenarekin hatsa harturik, baina horrek ondorio praktiko berehalakorik izan ez zuela ikusirik zapuztuta, hiritar partikularrek gero eta indar handiagoz arbuiatu zituzten planteamendu legalistak eta gradualistak, desegregazioa erdiesteko oinarrizko lanabes gisa. Arraza-segregazioaren eta boto-ukazioaren aldekoek, Hegoaldean, massive resistance (erresistentzia masiboa) deritzon politika kontrajarri zieten. Eta horri aurka egiteko, afro-amerikarrek erabili zuten halako estrategia bat zeinak uztartzen baitzituen zuzeneko ekintza (direct action) eta indarkeriarik gabeko erresistentzia. Estrategia hori "desobedientzia zibil" gisa ezagutua da, eta hasiera eman zion 1955etik 1968ra bitarteko afro-amerikarren eskubide zibilen aldeko mugimenduari.

Auzi-jartzeen ordez, masa-ekintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak XX. mendearen lehenbiziko erdian ezaugarri gisa izandako estrategia, zeina oinarritzen baitzen hezkuntza publikoan, legegintza-arloko lobby-jardunean eta sistema judizialaren araberako auzi-jartzeetan, aldatu egin zen Brown vs. Board of Education kasuaren ondoren, "zuzeneko ekintzako" estrategia bihurtzeko: batez ere, boikotak, eserialdiak, Freedom Rides deiturikoak (hots, Hegoaldeko garraio publikoetan bidaiatzea, haietan segregazioa aplikatzen ote zen egiaztatzeko), martxak eta antzeko taktikak, zeinak mobilizazio masiboan, indarkeriarik gabeko erresistentzian eta desobedientzia zibilean oinarritzen baitziren. Ekintza masiboaren estrategia hori Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduaren ezaugarri izan zen 1960tik 1968ra bitartean.

Elizek eta tokian tokiko herritarren erakundeek boluntarioak mobilizatu zituzten, hedapen zabaleko ekintzetan parte har zezaten. Aldaketa eragiteko modu hori zuzenagoa eta potentzialki azkarragoa zen modu tradizionala baino, hots, auzitegietara jotzea baino.

Montgomery Improvement Association, hau da, "Montgomery hobetzeko elkartea", Montgomeryko Autobus Boikotaren zuzendaritzaz arduratzeko eratua, boikot horri urtebetez eusteko moldatu ahal izan zen, harik eta auzitegi federal batek Montgomery hiriari bere autobusak desegrega zitzan agindu zion arte. Montgomeryko arrakastak ekimen horren liderra, Martin Luther King, Estatu Batuetan ezagutarazi zuen. Halaber, beste autobus-boikot batzuetarako inspirazio gisa ere balio izan zuen, hala nola Tallahassee-ko (Florida) 1956-1957ko boikot hagitz arrakastatsua.

1957an, Martin Luther Kingek eta John Duffy erreberendoak (Montgomery Improvement Association elkarteko liderrak) elkar hartu zuten antzeko boikot-ahaleginak antolatzen arituak ziren beste eliza-buruzagi batzuekin, hala nola Tallahasseeko C. K. Steele erreberendoa eta Baton Rouge-ko T. J. Jemison erreberendoa; bai eta beste ekintzaile batzuekin ere, hala nola Fred Shuttlesworth erreberendoa, Ella Baker, A. Philip Randolph, Bayard Rustin eta Stanley Levison, Southern Christian Leadership Conference (SCLC) eratzeko, zeinaren egoitza nagusia Atlantan (Georgia) baitzegoen.

SCLCk entrenamendu- eta lidergo-aholkularitza eskaintzen zien herri bakoitzean segregazioari aurre egiteko egiten ziren ahaleginei. Erakundeak dirua biltzen zuen, gehienbat Iparraldean, aipaturiko kanpainak finantzatzeko. Indarkeriarik eza egin zuen bere printzipio nagusi, eta arrazakeriari aurre egiteko oinarrizko metodo ere.

1959an, Septima Clarke, Bernice Robinson eta Esau Jenkins-ek, Tennessee-ko Highlander Folk School eskolaren laguntzarekin, Hego Carolinako Sea Islands uharteetan lehenbiziko Citizenship Schools ("herritartasun-eskolak") sortu zituzten. Idazten eta irakurtzen irakasten zuten, era horretan beltzek botoemaile-probak gainditu ahal izan zitzaten. Ekimen horrek izugarrizko arrakasta izan zuen, eta horri esker Johns Island uhartean botoemaile beltzen kopurua hirukoiztu egin zen. SCLCk programa horren gaineko ardura hartu zuen eta haren emaitzak bikoiztu egin zituen beste toki batzuetan.

Gertakari nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brown v. Board of Education (1954)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estatu Batuetako Auzitegi Gorenaren eraikinaren hurbiletiko ikuspegia. Fatxadaren goialdean, idazkun bat: EQUAL JUSTICE UNDER LAW ("legepean, berdintasunezko justizia").

1954ko maiatzaren 17an, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak bere epaia eman zuen, Board v. Board of Education of Topeka, Kansas izeneko kasuan. Bertan, demandatzaileek argudiatzen zuten inkonstituzionala zela haur beltzei hezkuntza ematea zurien eskoletatik bereizitako ikastetxe publikoetan. Auzitegi Gorenak honela adierazi zuen bere iritzia: "Eskola publikoetan haur zuriak eta koloredunak bereizteak eragin kaltegarria dauka haur beltzengan. Eragin hori are handiagoa da jokabide hori zuzenbidearen gerizpean gauzatzen denean; izan ere, arraza-bereizketaren politika ulertu ohi da beltzen gizataldearen gutxiagotasun-erakusgarri gisa".

Auzitegi Gorenak ebatzi zuen inkonstituzionalak zirela bai 1896an Plessy v. Ferguson kasuan Auzitegi Gorenak berak emandako epaia (separate but equal-"bereiziak baina berdinak" doktrina segregazionista ezarri zuena), bai Cumming v. Richmond County Board of Education kasuko epaia (1899), zeinak doktrina hori eskoletan aplikatu baitzuen.

Brown v. Board of Education kasuan, Auzitegi Gorenak agindu zuen ezen segregazio-sistema pixkanaka bertan behera utzi behar zela.

Emmett Till-en erailketa (1955)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emmett Till Chicagoko 14 urteko mutil afro-amerikar bat zen, Mississippi estatuko Money herrixkan oporretan zegoena. Bertako denda bateko emakume zuri bati, ustez, miresmen-txistua egin ondoren, erail egin zuten. Emmett Till modu basatian jipoitua izan zen eta begi bat atera zioten; gero, buruan tiro egin zioten eta, bere gorputzari 35 kilo inguruko haizagailu bat alanbre arantzadunez lotu ondoren, Tallahatchie ibaira bota zuten. Bere gorpua hiru egunez egon zen ibaiko uretan, bi arrantzalek aurkitu eta bertatik atera zuten arte.

Emmett Till-en amak insistitu zuen hileta publikoa egin ziezaioten, zerraldo irekiarekin, jende guztiak ikus zezan zer-nolako basakeriaz erail zuten bere semea.

Erailketarengatik atxiloturiko susmagarriak absolbitu egin zituzten, baina geroago aitortu zuten beraiek izan zirela hiltzaileak.

Emmett Till-en erailketa aipatu ohi da Eskubide Zibilen aldeko Mugimendua bultzatu zuten gertakari nagusienetako bat gisa.

Rosa Parks eta Montgomery-ko Autobusen Boikota, 1955-1956

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Rosa Parks.
Rosa Parks-ek bere eserlekua bidaiari zuri bati utzi nahi izan ez zioneko autobusa, Henry Ford museoan erakusgai.

1955eko abenduaren 1ean, Rosa Parks-ek ("eskubide zibilen mugimenduaren ama" gisa ezaguna) uko egin zion autobus publiko batean bere eserlekua bidaiari zuri bati uzteari.

Rosa Parks NAACP elkarteak Montgomeryn zeukan ordezkaritzako idazkaria zen, eta zuela gutxi itzulia zen Tennesseeko Highlander Center-en eginiko bilera batetik, non indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren estrategiari buruzko gogoeta egin baitzen.

Autobuseko gertakariarengatik, Parks atxilotu, epaitu eta zigortu egin zuten, "ordenaren aurkako jokabidearengatik" eta udaleko ordenantza bat urratzeagatik. Beltzen kolektiboak gertakariaren berri izan zuenean, 50 buruzagi afro-amerikarrek elkar hartu eta Montgomeryko autobusen boikota antolatu zuten, autobusen garraio-sistema gizalegetsuago bat exijitzeko.

Alabaina, erreforma-eskaera guztiei ezezkoa eman zitzaienean, NAACP elkarteak, E. D. Nixon-en gidaritzapean, autobus publikoen erabateko desegregazioa erreibindikatu zuen.

Montgomeryko 50.000 afro-amerikar gehienen babesari eta jarraipenari esker, autobusen boikotak 381 egun iraun zuen, harik eta autobus publikoetan zurien eta afro-amerikarren bereizketa edo segregazioa ezartzen zuen udal ordenantza bertan behera utzi zen arte. Montgomeryko afro-amerikarren ehuneko 90ek parte hartu zuten boikotean. Boikota zela medio, autobus-konpainiaren dirusarrerek ehuneko 80ko beherakada izan zuten.

1956ko azaroan, auzitegi federal batek Montgomeryko autobusen desegregazioa agindu zuen, eta garaipen hura lortzearekin bukatu zen boikota.

Montgomery Improvement Association elkartea izan zen boikotaren zuzendaritzaz arduratu zena, eta elkarte horren lehendakaria ministro baptista gazte bat zen, Martin Luther King izenekoa. Boikota zela-eta, Martin Luther Kingek Estatu Batuetan nazio-mailako ospea lortu zuen. Kristau-anaitasuna eta Estatu Batuetako idealismoa indartzeko egin zituen deiek inpresio positiboa eragin zuten bai Estatu Batuen Hegoaldeko bai beste lurralde batzuetako jendearengan.

Little Rock (Arkansas): desegregazioa ikastetxe batean gauzatzea (1957)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Dorothy Counts»
Little Rock Central High School.


Hegoaldeko estatu aski progresista zen Arkansas, eta Little Rock, bertako hiriburua. Hala eta guztiz ere, 1957ko irailaren 4an izugarrizko krisialdia piztu zen, Arkansaseko gobernadore Orval Faubus-ek Guardia Nazionalari dei egin zionean, bederatzi ikasle afro-amerikarri Little Rock-eko Central High School ikastetxean sartzen ez uzteko. Aurretiaz, ikasle horiek demanda bat jarri zuten, ikastetxe integratu horretan ikasteko eskubidea aitortua izan zekien. Bederatzi ikasle horiek, beren nota bikainengatik izan ziren aukeratuak Central High School ikastetxera joan ahal izateko.

Lehenbiziko eskola-egunean bederatzi ikasle haietatik bakarra, neska bat, agertu zen, ez baitzuen jaso ikastetxera joateak zeukan arriskuaz ohartarazten zuen telefono-deia. Ikastetxearen kanpoaldean bilduta zeuden protestatzaile zuriek ikaslea inguratu eta jazarri egin zuten, eta neska polizia-auto batean atera behar izan zuten handik, erasotzaileengandik babesteko. Harrezkero, bederatzi ikasle horiek auto berezi batean garraiatu behar izan zituzten ikastetxera, jeep-etan zihoazen militarren babespean.

Faubusek ez zuen ordura arte bere burua segregazionista gisa azaldu. Baina Arkansaseko Alderdi Demokratak, zeinak garai hartan estatuko politikagintza kontrolatzen baitzuen, presio nabarmena egin zion Faubusi, hark azaldu zuenean aztertu egingo zuela Arkansaseko estatuan Brown v. Board of Education epaia betearazteko modua. Eta orduan, Faubusek integrazioaren aurkako jarrera hartu zuen, bai eta integraziora behartzen zuen auzitegi federalaren aginduaren aurka ere.

Faubusek Guardia Nazionalari emandako agindua ez zitzaion oharkabean pasa Estatu Batuetako Dwight D. Eisenhower presidenteari. Presidenteak auzitegi federalen aginduak betearazteko asmo osoa zeukan. Kritikoek leporatzen zioten oso epela zela (kasurik onenean) ikastetxe publikoak desegregatzeko egitasmoari zegokionez.

Eisenhowerrek erretiratzeko agindua eman zion Guardia Nazionalari. Jarraian, 101. Dibisio Airegarraiatuko zenbait soldadu igorri zituen Little Rockera, ikasleak babesteko.

Era horretan, ikasleek ikastetxe hartan ikasteko modua izan zuten. Alabaina, lehenbiziko eskola-egunean haien inguruan irain-oihuka eta txistua botatzen bildutako zuri oldartuen artetik pasa behar izan zuten, eta ikasturtearen gainerakoan beren ikaskideen jazarpena pairatu behar izan zuten. Nahiz eta, klaseen artean, soldadu federalen zaintzapean egoten ziren, ikasle beltzek ikasle zurien gutxiespenak eta are erasoak jasan behar izaten zituzten, soldaduak hantxe bertan ez zeudenean. Bederatzi ikasle beltz horietako bat, Minnijean Brown, ikastetxetik egotzia izan zen chili-ontzi baten edukia burutik behera botatzeagatik eskolako bazkari-ilaran erasoka ari zitzaion ikasle zuri bati.

Bederatzi ikasle beltzetatik soil-soilik batek, Ernest Green-ek, lortu zuen graduatzea: 1957-58 ikasturtea amaitu zenean, Little Rockeko eskola-sistemak erabaki zuen ikastetxe publiko guztiak ixtea, integrazioarekin aurrera jarraitu beharrean. Hegoaldeko beste ikastetxe-sare batzuek bide berari ekin zioten.

Eserialdiak (1960)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Greensboro-ko Woolworth's-eko jatetxeko barraren zati bat gaur egun gordetzen da National Museum of American History museoan.

Eskubide Zibilen aldeko Mugimendua indarberritu egin zen ikasle-talde batek eserialdi bat egin zuenean Woolworth's konpainiak Ipar Carolinako Greensboro herrian zeukan saltoki batean: 1960ko otsailaren 1ean, lau ikasle, soilik beltzentzakoa zen North Carolina Agricultural & Technical College-koak, Woolworth's-eko jatetxeko barra segregatuan eseri ziren, Woolworth's-ek afro-amerikarrei aplikatzen zien baztertze-politikarengatik protesta egiteko.

Protesta-egile horiei iradoki zitzaien izan zezatela itxura profesionaleko janzkera, isilik eserita gelditzea, eta eserleku guztiak ez betetzea, baizik eta tartekaturik eserleku hutsak utz zitzatela, jarraitzaile zuri potentzialek protesta horrekin bat egin ahal izan zezaten.

Laster asko, eserialdi horrek beste eserialdi batzuetarako inspirazio gisa balio izan zuen, hala nola Richmond (Virginia), Nashville (Tennessee) eta Atlantan (Georgia) eginikoak. Estatu Batuetako Hegoalde osoan zehar ikasleak nor bere herriko saltoki batzuetako jatetxeetako barretan eserialdiak egiten hasi zirenean, herri horietako agintariek zenbaitetan indar hutsa erabili zuten, protesta-egileak jatetxeetatik fisikoki ateratzeko.

Eserialdia, teknika gisa, ez zen gauza berria: jadanik 1942an, Congress of Racial Equality delakoak eserialdiak sustatu zituen Chicagon, bai eta St. Louisen 1949an, eta Baltimoren, 1952an.

1960an, ordea, teknika horri esker lortu zen nazio osoaren arreta erakartzea Eskubide Zibilen aldeko Mugimendurantz. Greensboro-ko eserialdiaren arrakastak ikasleen kanpaina samalda bat eragin zuen Estatu Batuen Hegoaldean, eta, seguruenik, horietatik hobekien antolatuta zegoena, diziplina zorrotzenaz eginikoa eta eraginkortasunik berehalakoena izan zuena, Nashvillekoa (Tennessee) izan zen. 1960. urtearen amaierarako, eserialdiak hedatuak ziren Estatu Batuen Hegoalde osora ez ezik, Nevada, Illinois eta Ohiora ere.

Protesta-egileak ez ziren mugatu jatetxeetako barretara soilik; beren ekintzak gauzatu zituzten, halaber, parke, hondartza, liburutegi, antzoki, museo eta bestelako gune publikoetan. Atxilotuak izaten zirenean, ikasleek "jail-no-bail" gisa ezaguturiko aldarrikapena egiten zuten (alegia, "espetxea bai, fidantzarik ez"), beren borrokara jendearen arreta erakartzeko eta protesta haren kostua alderantzikatzeko: espetxe-erakundeen bizkar ipintzen zuten espetxeetako espazioaren eta janariaren ondoriozko finantza-zama.

1960ko apirilean, eserialdi haien antolaketa-lanean ibilitako aktibistek batzar bat egin zuten Shaw Unibertsitatean (Raleigh, Ipar Carolina), eta horren emaitza izan zen Student Nonviolent Coordinating Committee (SNCC) delako erakundearen sorrera. SNCCk indarkeriarik gabeko konfrontazio-taktika horiek areagotu egin zituen, Freedom Rides izenekoak antolatzeraino.

Freedom Rides edo Askatasunaren Bidaiak, 1961

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askatasunaren bidaiak (Freedom Rides) ziren Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduko ekintzaileek (hots, Freedom Riders deiturikoek) estatuarteko autobusetan Estatu Batuen Hegoaldera eginiko ikuskapen-bidaiak, helburu gisa zeukatenak egiaztatzea Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak Boynton v. Virginia kasuan emandako ebazpena benetan betetzen ari ote zen. Auzitegi Gorenaren ebazpen horrek bertan behera utzi zuen estatuarteko bidaietan zihoazen pertsonen segregazioa.

1960ko hamarkadako lehen askatasunaren bidaia CORE-Congress of Racial Equality erakundeak antolatu zuen. 1961eko maiatzaren 4an abiatu zen Washington D.C.tik, eta maiatzaren 17an New Orleansera iristekoa zen.

Bai lehenbiziko eta bai hurrengo bidaia haietan, aktibistek Estatu Batuen Hegoaldean zehar (Deep South gisa ezagutzen den horretan, hain zuzen) bidaiatu zuten, autobusetako eserlekuen antolamendua eta autobus-geltokiak desegregatzeko (komunak eta ur-iturriak barne).

Alabaina, eginkizun hura misio zaila suertatu zen: Annistonen (Alabama), autobus bati su-bonbekin eraso egin zioten, eta bidaiariek korrika atera behar izan zuten bertatik, beren bizia salbatzeko. Alabaman ere, zehazki Birmingham-en, FBIko kide batek jakinarazi zuenez, polizia 15 minutuz agertu gabe egon zen, Ku Klux Klan-eko kideek denbora izan zezaten ekintzaile-talde bat larriki jipoitzeko.

Anniston eta Birminghameko bortxa-gertakari haiek eten egin zituzten askatasunaren bidaiak, harik eta SNCCko aktibistak Birminghamera iritsi ziren arte, haiei jarraipena ematera.

Alabamako Montgomery hirian ere askatasunaren bidaietako ekintzaileak jipoituak izan ziren.

Mississippi estatuko Jackson hirian, Freedom Rider-ak atxilotuak izan ziren, soilik zurientzakoak (white only) ziren instalazioak erabiltzearen bidetik "bakea urratzeagatik". Baina erakunde ezberdin askok Jacksonerako askatasun-bidaia gehiago antolatu zituzten. Hirira iritsi ahala, ekintzaileak atxilotuak ziren. Udaren amaierarako, 300 baino gehiago espetxeratuak izan ziren Mississippin. Kartzelaratutako Freedom Rider-ak modu latzean tratatuak izan ziren, zikinkeriaz beteriko gelaxka nimiñoetan giltzapetuak, eta noiz edo noiz jipoituak. Jacksonen, bero sapan bortxazko lanak eginarazi zizkieten gizonezko zenbait presori. Beste batzuk Mississippi State Penitentiary espetxera lekualdatu zituzten. Bertan, haientzako janariari neurriz gain botatzen zitzaion gatza, eta koltxoiak kendu zizkieten. Batzuetan, hormetan ipinitako "eskumutur-apurgailu"etatik zintzilikatzen zituzten gizonak. Bero handiko egunetan, gelaxketako leihoak itxi egiten zizkieten, arnasa hartu ahal izate hutsa eragozteraino.

Jendeak Freedom Riderrekiko erakutsitako atxikimendu eta babes publikoaren eraginez, Kennedy administrazioak Interstate Commerce Commision (Estatuen arteko merkataritzarako batzordea) erakundeari agindu zion desegregazio-agindu berri bat eman zezala. Ebazpen berri horrek azaroaren 1ean indarra hartu zuenean, bidaiariak aske izan ziren autobusaren barrenean nahi zuten lekuan esertzeko; autobus-geltokietan, "white" (zuriak) eta "colored" (koloredunak) errotuluak kendu ziren; ura edateko iturri bereiziak, komunak eta itxarongelak bateratu egin ziren, eta jatetxeetako barrak bezeroei janaria zerbitzatzen hasi zitzaizkien haien larruazalaren kolorea kontuan hartu gabe.

Boto-emaileen erroldatzea antolatzen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kennedy lehendakaria herriari eskubide zibilei buruz mintzatzen (1963ko ekainaren 11).
Johnson lehendakaria Civil Rights Act legea 1964an sinatzen. Bere atzean, Martin Luther King.

Freedom Ride-en ondoren, Mississippiko herrietako zenbait buruzagi beltzek, hala nola Amzie Moore, Aaron Henry eta Medgar Evers-ek, SNCCri eskatu zioten lagundu zezala boto-emaile beltzak erroldatzeko zereginean, bai eta estatuan botere politikoaren parte bat bereganatu ahal izateko moduko erakundeak sortzeko langintzan ere. Izan ere, Mississippik bere konstituzioa 1890ean berretsi zuenetik, erroldatzea zaildu egin zuen, eta beltzak erroldetatik egotzi zituen, askotariko baldintzak ezartzearen bidetik: biztanle bakoitzeko zergak, egoiliar izateko betekizunak eta alfabetatze-azterketak. Hainbeste urteren buruan, beltzei boto-ahalmena eragotzi nahia zurien gailentasunaren aldekoen kulturaren parte izatera iritsia zen.

Robert Moses-ek, SNCCko antolatzaile batek, 1961eko udazkenean ekin zion horrelako lehenengo proiektuari, McComb-en eta inguruko konderrietan, estatuaren hego mendebaldeko izkinan. Horrelako ahaleginei, errepresio bortitza kontrajarri zieten estatuko eta herrietako agintariek, White Citizen's Council erakundeak (white supremacy edo zurien gailentasuna defendatzen zuena) eta Ku Klux Klan-ek, eta horren emaitza jipoiketak eta ehunka atxiloketa izan ziren, bai eta boto-eskubidearen aldeko Herbert Lee aktibistaren erailketa ere.

Hainbesterakoa izan zen Mississippi estatuan zuriek boto-emaile beltzen erroldatzeari erakutsitako aurkakotasuna, non askatasunaren aldeko mugimenduko aktibistek ondorioztatu baitzuten beharrezkoa zela ahalegin koordinatu bakarrean bateratzea estatuan eskubide zibilen alde ziharduten erakunde guztiak, arrakasta izateko aukeraren bat izan nahi bazuten. 1962ko otsailean, SNCC, CORE eta NAACPko ordezkariek Council of Federated Organizations (COFO) eratu zuten. Geroago, abuztuan, beste bilera bat egin zuten, eta SCLC COFOri elkartu zitzaion.

1962ko udaberrian, Voter Education Project-eko finantzaketarekin, boto-emaileen erroldatzea antolatzen hasi ziren SNCC/COFO, Mississippi ibaiaren deltaren eskualdean: zehazki, Greenwood, Hattiesburg, Laurel eta Holly Springs inguruetan. McComb-en bezalaxe, haien ahaleginek aurkakotasun porrokatua topatu zuten (atxiloketak, jipoiketak, tiroketak, erreketak eta hilketak). Erregistroko arduradunek alfabetatze-probak (literacy test) erabiltzen zituzten, beltzak erroldetatik kanpo uzteko. Horretarako, ikasketa-maila altua zeukaten pertsonei ere gainditu ezinekoak zitzaizkien eskakizunak ezarri zituzten. Horrez gain, enpresaburuek lanetik bota zituzten erroldatzen saiaturiko beltzak, eta maizter ziren beltzak ere beren etxeetatik egotzi zituzten etxe-jabeek.

Hurrengo urteetan zehar, boto-emaile beltzen erroldatzearen aldeko kanpaina estatu guztian zehar hedatu zen.

Beste estatu batzuetan ere (Louisiana, Alabama, Georgiaren hegomendebaldea eta Hego Carolina) antzeko erroldatze-kanpainei ekin zitzaien, eta halaber antzekoak izan ziren haien aurreko erreakzioak. 1963rako, Estatu Batuen Hegoaldean, boto-emaileen erroldatze-kanpainak desegregazio-ahaleginak bezain funtsezko bihurtu ziren askatasunaren aldeko mugimenduarentzat. 1964ko Civil Rights Act izeneko legea onetsi ondoren, mugimenduaren eginkizun nagusia bihurtu zen boto-emaileen erroldatzeari babes ematea eta erroldatzea erraztea, estatuen oztopoen gainetik. Horren emaitza izan zen 1965ean Voting Rights Act izeneko legea onestea.

Integrazioa Mississippiko unibertsitateetan, 1956-1965

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1956an, Clyde Kennard, Koreako Gerrako beterano beltz bat, saiatu zen Hattiesburg-eko Mississippi Southern College unibertsitatean (gaur egun University of Southern Mississippi izena duena) matrikulatzen. William David McCain-ek, unibertsitateko presidenteak, izugarrizko ahaleginak egin zituen arazo hau hel ez zedin hiriko buruzagi beltzengana, ez eta estatuko erakunde politiko segregazionistetara.

James Meredith, klasera zihoala Mississippiko Unibertsitatean, alboetan U.S. marshal bana zeramala, babeserako (1962ko urriaren 1a).

Kennard bi aldiz atxilotu zuten, akusazio faltsuen pean, eta zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten. Hiru urte bortxazko lanetan jardunean eman ondoren, Kennard baldintzapeko askatasunean jarri zuen Mississippiko gobernadore Ross Barnett-ek, jakin zenean Kennardek zeukan kolon-minbizirako tratamendua oso gaizki eman zitzaiola.

2006an, Robert Helfrich epaileak ebatzi zuen Kennard errugabea zela leporatu zizkioten akusazio guztietan.

Bestalde, James Meredith-ek demanda bat irabazi zuen, eta horren ondorioz, University of Mississippi unibertsitatean 1962ko irailean onartua izatea lortu zuen. Nahiz eta Meredith irailaren 20an, 25ean eta 26an campusean sartzen ahalegindu, Mississippiko gobernadore Ross Barnett-ek ez zion sartzen utzi. Izan ere, Barnett-ek honakoa esan zuen: "Mississippin ez da inolako eskola integraturik egongo, ni zuen gobernadore naizen bitartean".

Auzitegi batek (zehazki, bosgarren zirkuituko apelazio-gorteak, hots, Fifth U.S. Circuit Court of Appeals) Barnett gobernadoreari isuna, men ez egiteagatikoa, jarri ondoren (10.000 dolar baino gehiagokoa, Meredith-i matrikulatzen uzten ez zion egun bakoitzeko), 1962ko irailaren 30ean lortu zuen Meredithek, U.S. Marshals polizien babesarekin, campusean sartzea. Baina ikasle zuriek eta ikasleak ez ziren beste zuri batzuek ere istiluak sortzeari ekin zioten gau hartan, Meredith babesten ari ziren poliziei harriak jaurtikitzen, eta geroago poliziei tiro egiten. Bi pertsona hil ziren (horietako bat, kazetari frantses bat), 28 poliziak bala-zauriak izan zituzten, eta beste 160 zaurituak suertatu ziren. Mississippi Highway Patrol-eko kideak campusetik joan ondoren, Kennedy presidenteak armada arrunteko soldaduak bidali zituen campusera, matxinada hura zapaltzera.

Biharamunean, Meredithek lortu zuen bere klaseak hastea, soldaduak iritsi ondoren.

Albany-ko mugimendua, 1961-1962

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SCLC erakundeak (zeinak kritikak jaso baitzituen zenbait aktibistarengandik, askatasunaren bidaietan parte hartu ez izateagatik) bere prestigioa eta baliabideak hein handi batean bideratu zituen desegregazio-kanpaina bat egitera Georgiako Albany hirian, 1961eko azaroan. King-ek pertsonalki esku hartu zuen, SNCCko antolatzaileen eta hiriko buruzagien zuzendaritzapeko kanpainari laguntzen.

Kanpaina horrek porrot egin zuen, hiriko poliziaburuak praktikan jaritako taktikengatik eta beltzen gizataldearen baitako desadostasunengatik. Poliziaburuak martxetako partaideei aurre egin zien haien aurkako eraso bortitzik egin gabe eta, beraz, nazio osoko jendea horrelako portaera batek ekarriko lukeen haserrearen bidez sutu gabe. Poliziaburuak arriskutsutzat jo zuen King-en presentzia, eta bera aske utzarazi zuen, horrela beltzak ez oldartzeko. Kingek 1962an alde egin zuen, garaipen aipagarririk lortu gabe. Alabaina, hiriko mugimenduak bere borrokari eutsi zion, eta hurrengo urteetan aurrerapauso nabarmenak egitea lortu zuen.

Birmingham-eko kanpaina, 1963-1964

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
16. kaleko Eliza Baptista (Birmingham, Alabama), 2005ean eginiko argazki batean.

Birminghameko kanpaina arreta handiz planifikatu zuen Wyatt Tee Walker ekintzaileak, eta ardatz nagusi bat hartu zen helburu gisa: desegregazioa lortzea Birmingham hiriaren zentroko dendetan, eta ez, ordea, erabateko desegregazioa (Albanyn lortu nahi izan zena). Egiazki, hiri horretako agintarien erreakzio bortitzak kanpaina horren helburuari mesede egin zion (Eugene "Bull" Connor-ek, hots, poliziaburuak, presiopeko ur-jaurtiketak eta zakurrak erabilarazi zituen, bai manifestarien aurka, bai inguru hartan suertaturiko haur eta oinezkoen aurka ere, eta era horretan nazio guztiaren arreta erakarri zuen gertakari haietara).

Kanpainako ekintzaileek indarkeriarik gabeko askoariko borroka-metodoak erabili zituzten: eserialdiak, belaunikaldiak (hiriko zenbait elizatan), eta konderriko administrazio-egoitzarako martxa bat, boto-emaileak erroldatzeko ekimen bat abiarazteko. Alabaina, hiriko agintariek ebazpen judizial bat lortu zuten, protesta horiek guztiak debekatzen zituena. Kanpainaren bultzatzaileek uste osoa zeukaten ebazpen hura inkonstituzionala zela; horrenbestez, desafio egin zioten, eta kanpainako partaideen atxiloketa masiboetarako prestatu ziren. King-ek aukeratu zuen 1963ko apirilaren 12an atxilotuak izan zirenen artean egotea.

Espetxean zegoen bitartean, King-ek bere Letter from Birmingham Jail ("Gutuna Birmingham-eko espetxetik") famatua idatzi zuen egunkari baten orrialdeen ertzetan. Bere jarraitzaileek Kennedy Administrazioarengana jo zuten, eta azken horrek esku hartu, eta King aska zezaten lortu zuen.

Dena den, kanpaina ahultzen joan zen, atxilotuak izateko arriskuan jartzeko prest zeuden manifestari gehiago aurkitzeko problemak sortzen hasi baitziren. James Bevel, SCLCko ekintza zuzeneko eta indarkeriarik gabeko hezkuntzako zuzendariak, alternatiba ausart eta eztabaidagarria aurkeztu zuen: institutuetako ikasleak entrenatzea manifestazioetan parte hartzeko. Horren emaitza: maiatzaren 2an, mila ikaslek baino gehiagok "piper egin" zuten eskolan, 16. kaleko Eliza Baptistan elkarretaratzea egin eta manifestariekin bat egiteko, Children's Crusade ("haurren gurutzada") deituak izango ziren horietan. Haietatik, seiehun baino gehiago espetxean sartu zituzten. Lehenbiziko egun horretan, aski neurritsu jardun zen polizia. Baina, biharamunean, beste mila ikasle bildu ziren elizan. Martxako ibilaldiari ekin ziotenean, Bull Connor-ek polizia-zakurrak askatu zituen haien aurka, eta jarraian su-itzalketako ur-jaurtikigailuak haurren aurka erabiltzeko agindua eman zuen. Telebista-kamerek Estatu Batu guztietara helarazi zituzten gertakari haien irudiak: nola ur-jaurtikigailuetako ur-zorrotadek ikasleak lurrera botatzen zituzten, eta nola zakurrek manifestariei eraso egiten zieten.

Iritzi publikoaren haserreak Kennedy Administrazioa bultzatu zuen modu eragingarriagoan esku hartzera SCLCren eta zurien denden arteko negoziazioetan. Maiatzaren 10ean, negoziazioko bi aldeek iragarri zuten akordio batera iritsi zirela, hiri-zentroko jatetxeetako barrak eta beste zenbait instalazio desegregatzeko, diskriminaziozko kontratazio-prozedurak kentzeko, espetxeraturiko protestatzaileen askapena bideratzeko eta beltzen nahiz zurien buruzagien arteko komunikazio-bide finkoak ezartzeko.

Beltzen komunitateko jende guztiak ez zion oniritzia eman akordioari: Fred Shuttlesworth erreberendoa oso kritiko agertu zen, ez baitzen fidatzen, berak izandako esperientzian oinarriturik, Birminghameko botere-egituraren fede onaz. Zurien komunitateko zenbait sektorek indarkeriaz erreakzionatu zuten. Gaston Motelean, non kokatuta baitzegoen SCLCren egoitza ez-ofiziala, bai eta King-en anaia A. D. King erreberendoaren etxebizitza ere, bonba ipini zuten. Lau hilabete geroago, irailaren 15ean, Ku Klux Klan-eko kide batzuen konspirazio batek Birminghameko 16. kaleko Eliza Baptistan bonba eztandarazi eta lau neska gazte erail zituen.

Alabamako gobernadoreak unibertsitateko atea pertsonalki blokeatu zuenekoa (1963)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alabamako Unibertsitatean integrazioa oztopatu nahian, estatuko gobernadore George Wallace sarrera-atearen erdi-erdian zutik eta desafiozko jarrerarekin ageri da, Ameriketako Estatu Batuetako Fiskal Nagusi Nicholas Katzenbach-i aurre eginez. Ikus, halaber, beheko argazkia.
Vivian Malone, matrikula egiteko asmoz Alabamako Unibertsitateko Foster Auditorium-en sartzen, talde jendetsu baten artetik; horien artean, argazkilariak, guardia nazionalak eta Ameriketako Estatu Batuetako Fiskal Nagusi Nicholas Katzenbach.

1963ko ekainaren 11n, eta aurretik emana zeukan hitza ("segregazioa orain, segregazioa bihar eta segregazioa beti") betetzeko eta eskola-desegregazioa gerarazteko ahalegin sinboliko batean, George Wallace, Alabamako gobernadorea, Alabamako Unibertsitateak Tuscaloosa hirian daukan Foster Auditorium-aren ate erdian jarri zen, bi ikasle beltzi (Vivian Malone Jones eta James Hood) pasatzen ez uzteko asmoz.

John F. Kennedy presidenteak Alabamako Guardia Nazionala bidali zuen, Wallace gobernadorea alde batera baztertzera behartzeko eta bi ikasle beltzek matrikula egin ahal izan zezaten.

Henry Graham jeneralak hitz hauekin agindu zion Wallace gobernadoreari alde batera erretira zedin: "Jauna, nire betebehar penagarria da zuri eskatzea alde batera erretira zaitezen, Estatu Batuetako Presidentearen aginduz" (Sir, it is my sad duty to ask you to step aside under the orders of the President of the United States). Wallacek hitz batzuk erantzun zizkion, baina, azkenean, erretiratu egin zen.

Gau hartan, Kennedy presidentea nazioari zuzendu zitzaion telebistaz eta irratiz, eskubide zibilei buruzko bere hitzaldi famatuarekin.

Hurrengo astean, 1963ko ekainaren 19an, eta hitz eman zuen bezala, Kennedy presidenteak eskubide zibilei buruzko lege-proiektuaren testua bidali zuen Kongresura.

Washington-eko martxa, 1963: March on Washington for Jobs and Freedom

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Amets bat dut»
Washingtoneko martxan bildutako jendetzaren ikuspegi bat.

Jadanik 1941ean, A. Philip Randolph-ek Washington, D.C.-rako martxa bat antolatu zuen, defentsa-lantegietan enplegu-bereizkeria amaiarazteko eskaerekin bat egiteko. Alabaina, martxa hartarako deia bertan behera utzi zuen, Roosevelt Administrazioak eskaera horri erantzun eta agindu bat eman zuenean, arraza-bereizkeria debekatzen zuena eta agindu horren betetzea egiaztatzeko erakunde bat sortzen zuena.

1962an, bigarren martxa bat proposatu zuten Randolph-ek eta Bayard Rustin-ek. Nahiz eta Kennedy Administrazioak presio handia egin zuen, martxa hura bertan behera utz zedin, ez zuen arrakastarik izan. Horrela, ba, martxa hura 1963ko abuztuaren 28an egin zen. Martxaren izena: March on Washington for Jobs and Freedom ("Washingtonerako martxa, lanpostuen eta askatasunaren aldekoa").

1941ean planifikatutako martxa ez bezala (martxa haren antolaketan beltzen erakundeek soilik parte hartu zuten), 1963ko martxa elkarlanean eginiko ahalegin bat izan zen, eta bertan esku hartu zuten eskubide zibilen aldeko erakunde nagusi guztiek eta langile-mugimenduaren sektorerik progresistenak, bai eta erlijio-erakundeek ere.

Martxak sei helburu ofizial zeuzkan:

1.- Eskubide zibilei buruzko lege esanguratsuak. 2.- Obra federalei buruzko programa erraldoi bat. 3.- Enplegu betea eta bidezkoa. 4.- Etxebizitza duinak. 5.- Botoa emateko eskubidea. 6.- Hezkuntza-sistema integratu egokia.

Dena den, helburu horien artetik, martxak ardatz nagusi gisa hartu zuen Kennedy Administrazioak Birminghameko gatazken ondoren proposaturiko eskubide zibilei buruzko legea onesteari zegokiona.

Estatu Batuetako hedabide nazionalek izugarrizko oihartzuna eman zioten martxari.

Lincoln Memorialen aurrean, Martin Luther Kingek bere I have a dream hitzaldi historikoa eman zuen, zeinean arrazen arteko harmonia aldezten baitzuen.

Parte-hartzaileen kopuruari dagokionez, datu hori aldatu egiten da, informazio-iturburuaren arabera: poliziak zioenez, 200.000 izan ziren; antolatzaileen hitzetan, ordea, 300.000. Parte-hartzaileen % 80 inguru afro-amerikarrak ziren, eta gainerakoak, zuriak eta beste talde etnikoetakoak.

Ekintza arrakastatsua izan zen martxa. Nahiz eta hizlari askok Kennedy Administrazioa goraipatu zuten boto-eskubidea babesteko eta segregazioa debekatzeko legedi berri eta eraginkorragoa lortze aldera hark eskubide zibilen alorrean egindako ahaleginarengatik, SNCC-ko John Lewis-ek administrazioari aurpegiratu zion Estatu Batuen hegoaldeko beltzak eta eskubide zibilen aldekoak babesteko lan gehiago egin ez izana.

Martxa eta gero, King-ek eta eskubide zibilen aldeko mugimenduko beste buruzagi batzuek Etxe Zurian bilera egin zuten Kennedy presidentearekin. Kennedy Administrazioak legea onesteko asmo osoa zuela zirudien arren, ez zegoen argi Kongresuan hori lortzeko behar adina boto zeukanik. Baina Kennedy presidentea 1963ko azaroaren 22an erail zutenean, presidente berriak, Lyndon Johnson-ek, erabaki zuen berak Kongresuan zeukan eragina erabiltzea Kennedyk legediaren arloan zeuzkan egitasmoetako asko gauzatzeko.

St. Augustine, Florida, 1963-1964

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ponce de León hotela (gaur egun, Flagler College), zeinaren jangela dotorean, 1964ko martxoaren 31n, beltzentzako ikastetxe bateko ehun ikasle baino gehiagok eserialdi bat egin baitzuten; hain zuzen ere, eskubide zibilen aldeko mugimenduak St. Augustinen egin zuen lehenbiziko eserialdi masiboa.

St. Augustine (Florida) ezaguna zen nazioko hiririk zaharrena izateagatik, espainiarrek 1565ean fundatu baitzuten; halaber, helmuga turistiko garrantzitsua zen. 1963an eta 1964an hiri horretan gertaturiko gorabehera dramatikoek erakarri zuten 1964ko Civil Rights Act legea, egiazko mugarria zena, onestea.

Hiriko mugimendu bat, Robert B Hayling-en gidaritzapean (dentista beltz bat zen, bai eta aire-indarretako beteranoa ere), 1963z geroztik hiriko erakunde segregatuetan protestak egiten aritua zen, eta horren ondorioz, urte hartako udazkenean Hayling doktorea eta haren hiru kide modu basatian jipoituak izan ziren, Ku Klux Klan-en ekintza batean.

1964an, Hayling doktoreak eta beste aktibista batzuek Southern Christian Leadership Conference premiatu zuten St. Augustinera joan zitezen. Lehenbiziko ekintza udaberriko oporraldian gauzatu zen: Haylingek dei egin zien iparraldeko unibertsitate-ikasleei St. Augustinera joan zitezen, baina ez hondartzan denborapasan egotera, baizik eta manifestazioetan parte hartzera. Massachusetts-eko lau dama entzutetsu ere joan ziren, beren babesa emateko: Mary Parkman Peabody, Esther Burgess, Hester Campbell (hiru horien senarrak apezpiku episkopalak ziren) eta Florence Rowe andrea (zeinaren senarra John Hancock aseguru-konpainiako lehendakariordea baitzen). 72 urteko Peabody andrea, nor eta Massachusetts-eko gobernadorearen ama, atxilotu egin zuten, Ponce de Leon Motor Lodge jatetxe segregatuan talde integratu batean jaten saiatzeagatik. Atxiloketa horri buruzko albistea Estatu Batu guztietako egunkari-azaletan argitaratu zen, eta mundu guztiaren arreta erakarri zuen St. Augustinen eskubide zibilen aldeko mugimendua egiten ari zen ahaleginera: hurrengo hilabeteetan, herri horretaz gehiago hitz egin zen bere mende ugariko historia osoan zehar baino. Indarkeriarik gabeko ekintzen kanpaina izugarri bat aurrera eraman zen, eta eskubide zibilen aldeko ekintzaileek St. Augustine bihurtu zuten drama moral baten gertaleku, mundu guztiaren begien aurrean gauzatu zena.

1964ko maiatzetik uztailera bitartean, protesta-egileek jipoiak eta irainak jasan zituzten, baina horiengatik mendekurik hartu gabe. Indarkeria eta gorrotoa pairatuz baina horren truke erantzunik eman gabe, protesta-egileek nazio-mailako begikotasuna eta adiskidetasuna lortu zuten, eta 1964ko eskubide zibilen legearen (Civil Rights Act) onespenerako faktore erabakigarria izan zen hori.

1964ko ekainean, Martin Luther King St. Augustine-ko Monson Motel-ean atxilotua izan zen (Floridan atxilotua izan zeneko toki bakarra). Bertako gartzelatik, Letter from the St. Augustine Jail (hots, "gutuna St. Augustine-ko espetxetik") bidali zion Estatu Batuen iparraldeko jarraitzaile bati, New Jerseyko Israel Dresner errabinoari, mugimenduan parte hartuko zuen jende gehiago errekluta zezan eskatzeko. Horren emaitza izan zen, astebete geroago, Estatu Batuen historiako errabino-atxiloketarik masiboena, Monson Motelean otoitzaldi batean zeuden bitartean.

St. Augustinen inoiz eginiko argazkirik famatuenak honakoa erakusten du: Monson Motel-eko zuzendaria bertako igerilekuan azidoa isurtzen, bertan zuriak eta beltzak bainatzen ari ziren bitartean. Irudi ile-lazgarri hori Washington-eko egunkari baten azalean argitaratua izan zen, Senatua 1964ko eskubide zibilei buruzko legea onesteko bozketa egitera zihoan egunean.

Mississippi Freedom Summer, 1964

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mississippi estatuaren kokapena Estatu Batuetan, gorriz adierazia.

1964ko udan, COFOk (Council of Federate Organizations, eskubide zibilen aldeko mugimenduko erakunde nagusienen koalizioa) mila aktibista inguru eraman zituen Mississippira (haietako gehienak, unibertsitate-ikasle zuriak), bertako ekintzaile beltzekin bat egin eta boto-emaileak erroldatzeko, Freedom Schools ("askatasun-ikastetxeak") izenekoetan irakasteko eta Mississippi Freedom Democratic Party (MFDP) alderdia antolatzeko.

Mississippiko biztanle zuri askok gorrotoa hartu zieten kanpotarrei eta bertako gizartea aldatzeko ahaleginei. Estatuko eta tokian tokiko gobernuek, poliziak, White Citizen's Council-ek eta Ku Klux Klan-ek askotariko beldurtze- eta jazarpen-jokabideak baliatu zituzten (atxiloketak, jipoiketak, etxe-erreketak, hilketak, espioitza, lanetik kaleratzeak, etxebizitzetatik egozteak eta abar), asmo haiei kontra egiteko eta beltzei ez uzteko hauteskundeetarako erroldatzen edo berdintasun soziala erdiesten.

1964ko ekainaren 21ean, eskubide zibilen aldeko hiru langile desagertu egin ziren: James Chaney, Mississippiko gazte beltz bat, igeltseritza-ikaslea, eta bi ekintzaile judu: Andrew Goodman, antropologia-ikaslea, eta Michael Schwerner, CORE-Congress of Racial Equality-ko antolatzaile bat, Manhattan-eko Lower East Side-koa. Zenbait aste geroago, haien gorpuak aurkitu ziren: Klan-eko kide batzuek erail zituzten (haietako batzuk Neshoba County-ko sheriffaren departamentukoak ziren). Gertakari horrek iritzi publikoaren haserre bizia piztu zuen, eta ondorioz, Estatu Batuetako Justizia Departamentuak eta FBIk (azken horrek, lehenago, ez zion aurre egin nahi izan beltzen segregazio eta jazarpenaren gaiari) aferan esku hartu zuten. Hilketa horien ondoriozko haserrea lagungarri izan zen eskubide zibilei buruzko legea onetsia izateko.

Ekainetik abuztura bitartean, Freedom Summer-eko ekintzaileak lanean jardun ziren estatu osoan sakabanaturiko herrietako 38 proiektutan (haietako gehienak, Mississippi ibaiaren deltaren eskualdean kontzentratuak). Gutxienez ere 30 askatasun-ikastetxe ezarri ziren, 3.500 ikasle inguru bildu zituztenak, eta 28 komunitate-zentro abiarazi ziren.

Summer egitasmoaren iraunaldian zehar, Mississippiko 17.000 inguru beltzek egin zuten saioa boto-emaile gisa erroldatzeko, haien aurka supremazia zuriaren aldekoek ipinitako eragozpenak eta oztopo burokratikoak gainditu nahirik. Alabaina, soilik 1.600ek (alegia, % 10ek baino gutxiagok) lortu zuten. Dena den, 80.000 baino gehiagok bat egin zuten Mississippi Freedom Democratic Party (MFDP) alderdiarekin kide gisa, erakunde politiko alternatibo gisa eratua, eta era horretan erakutsi zuten botoa emateko eta politikan parte hartzeko zeukaten nahia.

Nahiz eta Freedom Summer ekimenarekin boto-emaile asko erroldatzea lortu ez, eragin nabaria izan zuen Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduaren ibilbidean. Lagungarri izan zen, hain zuzen, etenaldia egiteko hainbat hamarkadarekin, zeinetan Jim Crow sistemaren oinarri izandako jendearen isolamendua eta zapalketa nagusi izan baitziren. Askatasunaren Uda hura baino lehenago, albistegi nazionalek arreta gutxi eman izan zioten Deep South eskualdean beltzek jasandako jazarpenari eta eskubide zibilen aldeko ekintzaile beltzek pairaturiko arriskuei. Alabaina, Hegoalde osoan izandako gertakari-bilakaerak handitu egin zuen hedabideen arreta Mississippin gertatzen ari zenarekiko. Estatu Batuen iparraldeko ikasle zuri dirudunen heriotzek eta iparraldeko beste zenbait jendek izandako mehatxuek erakarri egin zuten komunikabideen arreta guztia Mississippi estatura. Hori zela-eta, ekintzaile beltz asko sumindu egin ziren, uste baitzuten hedabideek modu ezberdinean balioesten zituztela beltzen eta zurien biziak.

Agian, Freedom Summer-ek izandako eraginik aipagarriena boluntarioengan izan zen, haietako ia guztiek, beltzek nahiz zuriek, oraindik ere uste dutelako uda hura beren bizitzetako unerik erabakigarrienetakoa izan zela.

Eskubide zibilei buruzko 1964ko Legea (Civil Rights Act)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Kennedy presidenteak eskubide zibilei buruzko legedi bat proposatu zuen, eta Estatu Batuen iparraldeko kongresukideen babesa izan, Estatu Batuen Hegoaldeko senatariek legearen izapidetzea blokeatu zuten, legearen bozketa atzeratu edo bertan behera uzteko maniobren bitartez. Hala ere, Johnson presidenteak azkenean lortu zuen legeak bere izapideak amaitzea Kongresuan, eta 1964ko uztailaren 2an Johnson presidenteak 1964ko Eskubide Zibilei buruzko Legea sinatu zuen, zeinak "arrazan, kolorean, erlijioan edo jatorri nazionalean" oinarrituriko diskriminazioa debekatzen baitzuen enplegu-prozeduretan eta instalazio publikoetan. Legeak Estatu Batuetako Fiskal Nagusiari baimena ematen zion legea aplikarazteko demandak aurkezteko. Halaber, lege berri horrek deuseztatu egin zituen bereizkeria inposatzen zuten estatu- eta udalerri-mailetako arauak.

Mississippi Freedom Democratic Party, 1964

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mississippi estatuko beltzei XIX. mendetik eragozten zitzaien hauteskundeetan botoa ematea. 1963an, COFOk Freedom Vote ("askatasunaren hauteskundea") bat antolatu zuen Mississippin, bertako beltzek botoa emateko zeukaten nahia erakusteko asmoz.

80.000 pertsona baino gehiagok eman zuten izena eta parte hartu zuten erreala ez zen hauteskunde hartan, non "Freedom Party"ko hautagaien zerrenda integratu bat lehian aritu baitzen estatuko Alderdi Demokrata ofizialeko hautagaiekin.

1964an, antolatzaileek Mississippi Freedom Democratic Party ("Mississippiko Askatasunaren Alderdi Demokrata") eratu zuten, soilik pertsona zuriz osatuta zegoen alderdi ofizialari desafio egiteko. Mississippiko hauteskunde-erregistratzaileek haien hautagaiak halakotzat aitortzea errefusatu zietenean, berariazko lehen mailako hauteskundeak antolatu zituzten. Delegatu-zerrenda bat aukeratu zuten, 1964ko Konbentzio Demokrata Nazionalean Mississippi ordezkatzeko.

Alabaina, Mississippiko Askatasunaren Alderdi Demokrataren presentzia deserosoa zitzaien konbentzioaren antolatzaileei. Izan ere, haien asmoa izan zen Johnson Administrazioak eskubide zibilen alorrean izandako lorpenak garaipen-giroan ospatzea, eta ez, ordea, Alderdi Demokrataren beraren baitako arrazakeriari buruzko borroka bat izatea. Mississippiz bestelako Hegoaldeko estatuen all-white ordezkaritzek (alegia, soilik zuriek osatuek) mehatxu egin zuten alde egitearekin, baldin eta Mississippiko hautagai-zerrenda ofiziala ez bazuten onartzen. Johnson kezkatuta zegoen, ikusirik Barry Goldwater errepublikarraren kanpaina zer-nolako aurrerakada izaten ari zen ordura arteko demokrata zurien "gotorleku" zen Solid South-ean, bai eta Alderdi Demokrataren lehen mailako hauteskundeak egin zirenean George Wallace-k Estatu Batuetako Iparraldeko estatuetan jasotako babesa ere.

Johnsonek ezin zuen saihestu, ordea, MFDPk bere erreibindikazioak Kredentzialen Batzordeari aurkeztea. Han, Fannie Lou Harner-ek bere lekukotasun argigarria eskaini zuen, berak eta beste batzuek hauteskundeetarako erregistratzen saiatzeagatik jasan zituzten jipoiketa eta mehatxuei buruz. Telebista-kamerei begiratuz, Harner-ek galdera hau bota zuen: "hau al da Amerika?".

Johnsonek MFDPri "konpromiso" bat eskaini zion, zeinaren bidez boto-ahalmenik gabeko bi eserleku emango baitzitzaizkion, eta Alderdi Demokrata ofizialak bidalitako ordezkaritzak (pertsona zuriz soilik osatua) bere eserlekuei eutsiko baitzien. MFDPk, haserretuta, halako "konpromiso"ari ezezkoa eman zion.

MFDPk, aitorpen ofiziala ukatu zitzaiola-eta, konbentzioaren barruan bere protestei eutsi zien. Mississippiko ordezkari "erregular"etatik hiru izan ezik beste guztiek alde egin zutenean (alderdiarekiko leialtasunari buruz zin egitea errefusatu zutenean), MFDPko ordezkariek, haien aldekoak ziren ordezkariengandik, konbentziorako sarrerak eskuratu zituzten, eta Mississippiko ordezkari ofizialek hutsik utzitako eserlekuak hartu zituzten. Antolatzaileek kendu egin zituzten handik. Biharamunean bertara itzuli zirenean, ikusi zuten ezen konbentzioaren antolatzaileek eraman egin zituztela bezperan hutsik geratu ziren eserlekuak. Ordezkariak hantxe geratu ziren, eta askatasun-kantak (freedom songs)kantatu zituzten.

Alderdi Demokrataren 1964ko konbentzioak MFDPko eta Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko kide asko zapuztuta utzi zituen, baina ez zuen MFDP suntsitu. MFDP erradikalizatu egin zen aurrerantzean. Nation of Islam-eko Malcolm X gonbidatu zuen, bere konbentzioetako batean hitz egiteko, eta Vietnamgo Gerraren aurka agertu zen.

Martin Luther King-i Bakearen Nobel Saria eman, 1964

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964ko abenduaren 10ean, Martin Luther King-i Bakearen Nobel Saria eman zioten. Saria jasotako gizonik gazteena bihurtu zen horrela: 35 urteko adina zeukan.

Estatu Batuetako futbol-ligako jokalariek New Orleans boikoteatzea, 1965eko urtarrila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

American Football League liga profesionalaren 1964ko denboraldia amaitu ondoren, liga horretako All-Star Game 1965. urtearen hasierarako programatu zen, New Orleans-eko Tulane estadioan jokatzeko.

Alabaina, New Orleanseko zenbait hotel eta instalaziotan jokalari beltz ugariri zerbitzatuak izateko ezetza eman ondoren, eta taxi-gidari zuriek bidaiari beltzak eramatea errefusatu ondoren, jokalari beltzek eta zuriek, elkar harturik, New Orleans-i boikota egitearen aldeko presioa egin zuten. Jokalariek fronte bateratua osatu zuten. Ondorioz, txapelketa lekualdatu egin zuten, Houston-eko Jeppesen estadiora.

Boikota erakarri zuten jokabide diskriminatzaileak ilegalak ziren, 19eko.64ko uztailean sinaturiko Eskubide Zibilei buruzko Legearen (Civil Rights Act) arabera. Pentsatzekoa da lege berri horrek adorea eman ziela Amerikako Futbol Ligako jokalariei, beren jarrerari eusteko. Kirol profesionaleko txapelketa batek hiri oso bati egindako lehenbiziko boikota izan zen.

Selma-tik Montgomery-rako martxak, 1965

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1965eko martxoaren 7a (Bloody Sunday deitua): poliziak martxako partaideen zain, Edmund Pettus zubia igaro zezaten itxaroten.

Student Nonviolent Coordinating Committee erakundeak asmo handiko proiektu bati ekin zion 1963an, Alabama estatuko Selma hirian boto-emaileak erregistratzekoa. Alabaina, 1965. urterako oso aurrerakada apala egitea besterik ez zuen lortu, Selmako sheriff Jim Clark-ek erakutsitako aurkakotasuna zela-eta. Hiriko biztanleek laguntza eskatu zioten Southern Christian Leadership Conference erakundeari, eta, horrenbestez, King Selmara joan zen, zenbait martxa gidatzeko. Aldi hartan atxilotua izan zen, beste 250 manifestarirekin batera. Martxetako parte-hartzaileek poliziaren bortxazko erresistentziarekin topo egiten segitu zuten.

1965eko otsailean egindako martxa batean, poliziak Jimmie Lee Jackson, inguruetako Marion herriko biztanlea, hil zuen. Heriotza hura akuilu bat izan zen Selmako mugimenduko zuzendari James Bevel-entzat, Selmatik estatuko hiriburura, Montgomeryra, martxa bat antolatzen hasteko.

1965eko martxoaren 7an, 600 pertsonak ekin zioten Selmatik Montgomeryrainoko martxari (87 kilometroko distantzia dago bi hirien artean). Martxa hasi eta berehala, soil-soilik sei etxe-irlako distantzia egina zeukatela, Edmund Pettus zubian, estatuko tropek eta hiriko agenteek (haietako batzuk zaldi gainean zihoazela) manifestari baketsuei eraso egin zieten borrekin, malko-gasarekin, alanbre arantzadunez estalitako gomazko hodiekin eta zigorrekin. Martxako partaideak berriro hiri barrura bultzatu zituzten.

Gertakari haien irudiak Estatu Batu guztietan telebistaz erakutsi ziren. Irudi haietan ikusten zen nola poliziek eraso egiten zieten botoa emateko eskubidea lortu nahi zuten manifestari baketsuei. Gertakarien emanaldi hark eragindako zirrararen ondorioz, erreakzio nazional bat sortu zen, bi urte lehenago Birminghamen izandakoarekin gertatu zen bezala. Horrela, ba, martxaren antolatzaileek agindu judizial bat lortu zuten, eta horri esker bi aste geroago martxa egin ahal izan zuten, inolako gorabeherarik gabe.

Martxoaren 9an bigarren martxa bat egin ondoren, zuriek boto-eskubideen aldeko beste pertsona bat erail zuten, James Reeb erreberendoa (Birminghameko ospitalean hil zen, martxoaren 11n).

Martxoaren 25ean, Ku Klux Klan-eko lau kidek tiroz erail zuten Viola Liuzzo, eskubide zibilen aldeko ekintzaile bat, Michigan-ekoa, Montgomeryrako martxa bukatu ondoren martxako partaide batzuk gauean berriro Selmara autoz zeramatzanean.

Boto Eskubide Legea (Voting Rights Act), 1965

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Johnsonek 1965eko abuztuaren 6an sinatu zuen Boto Eskubide Legea (ingelesez, Voting Rights Act). Lege horren bidez, bertan behera utzi ziren poll tax deituriko zergak (boto-eskubidea erabili ahal izateko aurrebaldintza gisa ezarritako zergak), irakurri eta idazteko gaitasunari buruzko testak, eta boto-emaileei ezarritako bestelako azterketa subjektiboak. Halaber, lege horren bidez baimena ematen zen test haiek erabiltzen ari ziren estatuetan eta hauteskunde-barrutietan boto-emaileen erregistratzea agintari federalek ikuskatzeko. Ordura arte botoa emateko izen-ematetik kanpo utziak izan ziren afro-amerikarrek, azkenean, auzi-jartzearen ordezko alternatiba bat izan zuten eskueran. Izan ere, 1965eko lege horrek Ameriketako Estatu Batuetako Fiskal Nagusiari baimena ematen zion aztertzaile federalak bidaltzeko, tokian tokiko erregistratzaileen ordez.

Johnsonek bere lankideei aipatu omen zien kezkatuta zegoela, lege hori sinatzeak ez ote zuen erakarriko aurrerantzean Estatu Batuen hegoaldeko zuriak Alderdi Demokrataren boto-emaile gisa galtzea.

Legeak berehalako eragin positiboa izan zuen afro-amerikarrentzat. Onetsi zenetik hilabete gutxi batzuk igaro zirenerako, 250.000 boto-emaile beltz berri erregistratu ziren (horien heren bat, aztertzaile federalek erregistratuak). Lau urteren buruan, Estatu Batuen Hegoaldean, erregistraturiko boto-emaileen kopurua bikoiztu baino gehiago egin zen.

Beltzek botoa emateko ahalmena berreskuratzeak aldatu egin zuen Estatu Batuen Hegoaldeko paisaia politikoa. Izan ere, Kongresuak Voting Rights Act onetsi zuen garaian, soilik ehun afro-amerikar inguruk ziharduten postu hautetsi batean, eta horiek guztiek, Estatu Batuen Iparraldean. Bada, 1989rako, 7.200 afro-amerikar baino gehiago ari ziren postu hautetsiak betetzen, eta horietatik, 4.800 baino gehiago Hegoaldean. Hegoaldeko beltzek goi-mailako postuak betetzen zituzten udalerri-, konderri- eta estatu-administrazioetan.

Atlantak alkate beltz bat hautatu zuen, bai eta Mississippiko Jackson hiriak eta Louisianako New Orleans-ek ere.

Memphis, King-en erailketa eta Poor People's March, 1968

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Lawson erreberendoak 1968ko martxoan Memphis-era (Tennessee) gonbidatu zuen Martin Luther King, bertako zabor-biltzaileen greba bati bere babesa eman ziezaion. Izan ere, kanpaina bat abiarazi zuten, bi langile laneko ezbehar batean hil ondoren.

Lawson-en elizan Mountaintop ("mendi-gailur") sermoi famatua eman ondoren, 1968ko apirilaren 4an King erail egin zuten. Hurrengo egunetan, Estatu Batuetako 110 hiritan istiluak egon ziren; batez ere, Chicago, Baltimore eta Washingtonen.

Martin Luther King-en hiletaren aurreko egunean, bere alargunak, Coretta Scott King-ek, 20.000 manifestariren buruan martxa egin zuen Memphis-eko kaleetan zehar, eta apirilaren 9an, 150.000 pertsonako hileta-prozesioan parte hartu zuen, Atlantan. Bere duintasunak kemena eta itxaropena biziberritu zituen Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduko kide askorengan, eta irmotu egin zuten bere postua arraza-berdintasunaren aldeko borrokako buruzagi berri gisa.

Ralph Abernathy erreberendoa izan zen Martin Luther King-en ondorengoa SCLCren buru gisa, eta ahalegina egin zuen Martin Luther King-ek Poor People's March ("txiroen martxa") baterako zeuzkan planak aurrera eramaten. Martxa horren helburua zen zuriek eta beltzek bat egitea Estatu Batuetako gizartean eta egitura ekonomikoan funtsezko aldaketak egiteko kanpaina batean. Martxa aurrera eraman zen, baina ez zituen bere helburuak erdietsi.

Gaian sakontzeko bibliografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Arsenault, Raymond. Freedom Riders: 1961 and the Struggle for Racial Justice. New York: Oxford, 2006.
  • Barnes, Catherine A. Journey from Jim Crow: The Desegregation of Southern Transit, Columbia University Press, 1983.
  • Beito, David T. and Beito, Linda Royster, Black Maverick: T.R.M. Howard's Fight for Civil Rights and Economic Power, University of Illinois Press, 2009.
  • Branch, Taylor. At Canaans Edge: America In the King Years, 1965-1968. New York: Simon & Schuster, 2006. ISBN 0-684-85712-X
  • Branch, Taylor. Parting the waters : America in the King years, 1954-1963. New York: Simon & Schuster, 1988. ISBN 0-671-46097-8
  • Branch, Taylor. Pillar of fire : America in the King years, 1963-1965.: Simon & Schuster, 1998. ISBN 0-684-80819-6
  • Breitman, George. The Assassination of Malcolm X. New York: Pathfinder Press. 1976.
  • Carson, Clayborne. In Struggle: SNCC and the Black Awakening of the 1960s. Cambridge, MA: Harvard University Press. 1980. ISBN 0-374-52356-8.
  • Carson, Clayborne; Garrow, David J.; Kovach, Bill; Polsgrove, Carol, eds. Reporting Civil Rights: American Journalism 1941-1963 and Reporting Civil Rights: American Journalism 1963-1973. New York: Library of America, 2003. ISBN 1-931082-28-6 and ISBN 1-931082-29-4.
  • Chandra, Siddharth and Angela Williams-Foster. "The ‘Revolution of Rising Expectations,’ Relative Deprivation, and the Urban Social Disorders of the 1960s: Evidence from State-Level Data." Social Science History, 29(2):299–332, 2005.
  • Fairclough, Adam. To Redeem the Soul of America: The Southern Christian Leadership Conference & Martin Luther King. The University of Georgia Press, 1987.
  • Doner, Eric and Joshua Brown, Forever Free: The Story of Emancipation and Reconstruction. Alfred A. Knopf: New York, 2005, 225–238.
  • Garrow, David J. Bearing the Cross: Martin Luther King and the Southern Christian Leadership Conference. 800 pages. New York: William Morrow, 1986. ISBN 0-688-04794-7.
  • Garrow, David J. The FBI and Martin Luther King. New York: W.W. Norton. 1981. Viking Press Reprint edition. February 1, 1983. ISBN 0-14-006486-9. Yale University Press; Revised and Expanded edition. August 1, 2006. ISBN 0-300-08731-4.
  • Greene, Christina. Our Separate Ways: Women and the Black Freedom Movement in Durham. North Carolina. Chapel Hill: University of North Carolina Press, 2005.
  • Horne, Gerald. The Fire This Time: The Watts Uprising and the 1960s. Charlottesville: University Press of Virginia. 1995. Da Capo Press; 1st Da Capo Press ed edition. October 1, 1997. ISBN 0-306-80792-0
  • Kirk, John A. Martin Luther King, Jr.. London: Longman, 2005. ISBN 0-582-41431-8
  • Kirk, John A. Redefining the Color Line: Black Activism in Little Rock, Arkansas, 1940-1970. Gainesville: University of Florida Press, 2002. ISBN 0-8130-2496-X
  • Kousser, J. Morgan, "The Supreme Court And The Undoing of the Second Reconstruction," National Forum, (Spring 2000).
  • Kryn, Randy. "James L. Bevel, The Strategist of the 1960s Civil Rights Movement", 1984 paper with 1988 addendum, printed in "We Shall Overcome, Volume II" edited by David Garrow, New York: Carlson Publishing Co., 1989.
  • Malcolm X (with the assistance of Alex Haley). The Autobiography of Malcolm X. New York: Random House, 1965. Paperback ISBN 0-345-35068-5. Hardcover ISBN 0-345-37975-6.
  • Marable, Manning. Race, Reform and Rebellion: The Second Reconstruction in Black America, 1945-1982. 249 pages. University Press of Mississippi, 1984. ISBN 0-87805-225-9.
  • McAdam, Doug. Political Process and the Development of Black Insurgency, 1930-1970, Chicago: University of Chicago Press. 1982
  • Minchin, Timothy J. Hiring the Black Worker: The Racial Integration of the Southern Textile Industry, 1960-1980. 342 pages. University of North Carolina Press, 1999. ISBN 0-8078-2470-4.
  • Morris, Aldon D. The Origins of the Civil Rights Movement: Black Communities Organizing for Change. New York: The Free Press, 1984. ISBN 0-02-922130-7
  • Sokol, Jason. There Goes My Everything: White Southerners in the Age of Civil Rights, 1945-1975. New York: Knopf, 2006.
  • Patterson, James T. "Brown v. board of education, a civil rights milestone and its troubled legacy." Oxford University Press, 2002.
  • Ransby, Barbara. Ella Baker and the black freedom movement, a radical democratic vision. The University of North Carolina Press, 2003.
  • Tsesis, Alexander. We Shall Overcome: A History of Civil Rights and the Law. New Haven: Yale University Press, 2008.
  • Williams, Juan. Eyes on the Prize: America's Civil Rights Years, 1954-1965. New York: Penguin Books, 1987. ISBN 0-14-009653-1
  • Westheider, James Edward. "My Fear is for You": African Americans, Racism, and the Vietnam War. University of Cincinnati, 1993.
  • Woodward, C. Vann. The Strange Career of Jim Crow. Third Revised Edition. 1955; Oxford University Press, 1974. ISBN 0-19-501805-2

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]