Txantiloi:2009-2 Nabarmendutakoa
Behigorri edo Zezengorri, euskal mitologiako izakia da, leizeetan bizi den izaki erasokorra. Behi edo zezen gorriaren itxura hartzen du, betizu bezalakoa, eta Mariren etxeak zaintzen ditu.
Zezen gorria Marirekin lotuta agertzen zaigu, eta askotan leize eta harpe ezberdinen zaindaria da. Beste batzuetan Mari bera da hauetako abere batean eraldatzen dena. Mari da halako abere gorri batean berraragiztatuta.
Behiak ugalkortasunaren sinbolismoari lotuta egon dira zenbait kulturetan, eta dirudienez baita gurean ere. Hau litzateke Marirekiko beste harreman bat. Ezin ahaztu alde hartatik, gure leizeetan azaltzen diren labar-pinturetan basa-zezena edo uroa maiz agertzen dela, Altxerrin eta Santimamiñen adibidez. Margo hauek aspaldiko basa-zezen inguruko sinesmen magiko edota totemikoak adierazi dezakete Barandiaranen ustez.
Antza, erromatarren garaian harpetako ireluei egindako gurtza oso zabalduta zegoen Euskal Herrian. Barandiaranek garai haietako txanponak aurkitu zituen Izturitze, Kortezubi, Santimamiñe, Covaraida eta Solacuecako leize zuloetan. Baita Bidarraiko Harpeko-Sainduaren harpean. Antza txanpon hauek lur-azpiko Jainko eta ireluei egindako opariak ziren, Zezen eta Behei gorriei barne.