Semiotika
Semiotika zeinuen zientzia orokorra da. Semiologia hitza Ferdinand Saussurek proposatu zuen 1916an eta Charles Morrisek (1839–1914) bere Signs, Language, and Behavior liburuan (1946an, New Yorken argitaratuta) semiotika hitza asmatu zuen.
Hizkuntzalaritzan, semantika erabiltzen da, antzerako kontzeptua izendatzeko. Semiologia edo semiotikaren zientziak, hortaz, ikur edo zeinuen bizitza gizartean ikertzen ditu.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Semiotikak tradizio handia du filosofian. Lehen aldiz John Locke filosofoak erabili zuen hitza, XVII. mendean. Gero, Charles Sanders Peircek, Estatu Batuetako logikari eta filosofoak, eta Charles Morris semantikariak landu eta hitza hedatu zuten. Morrisek, zeinuaren teoria orokor baten baitan, hiru alorretan bereizi zuen semiotika: pragmatika (zeinuen erabilera aztertzen duena), semantika (zeinuaren eta esanahiaren arteko harremanak lantzen dituena), eta sintaxia (esanahia alde batera utzita, zeinuak berak eta zeinuen arteko harremanak aztertzen dituena). Sailkapen hori logikariek erabili dute eta, batez ere, hizkuntzalariek.
Semiotikaren joera nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bestalde, semiotikak aztertzen dituen zeinu sistemak direla eta, bi joera nagusi izan dira: komunikazioaren semiotika (Buyssens, Martinet), berez komunikatzeko helburua duten sistemak soilik aztertzen dituena, eta esanahiaren semiotika (Barthes eta sobietarrak), gertaera esanahigarri guztiak aztertzen dituena (jantziak, janariak eta).
Gaur egungo semiotikak zeinu sistema guztiak ikertzen ditu, bai esanahia eta baita komunikazioa ere kontuan hartuta.
Semiotikalari garrantzitsu batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Roland Barthes (Le degré zéro de l'écriture. 1953).
- Jean Baudrillard.
- Jacques Derrida.
- Umberto Eco (Opera aperta. 1962)
- Algirdas Julien Greimas.
- Joannes Heinrichs.
- Claude Lévi-Strauss.
- Jeanne Martinet (Clefs pour la sémiologie. 1976)
- Georges Mounin.
- Jakob Johann von Uexküll.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.