Reinhold Messner
Reinhold Andreas Messner (Brixen-Bressanone, Hego Tirol, 1944ko irailaren 17a) alemaniar hizkuntzadun italiar alpinista eta esploratzailea da. Everest mendiaren bakarkako lehen igoera egin zuen eta, Peter Habelerrekin batera, oxigeno osagarririk gabeko Everesteko lehen igoera. Itsas mailatik 8.000 metro baino gehiagora dauden hamalau tontorrak igo zituen lehen eskalatzailea izan zen. Messner lehena izan zen Antartika eta Groenlandia zeharkatzen, elur motorrik eta txakurrek bultzatutako lerik gabe. Gobi basamortua ere bakarrik zeharkatu zuen. Messnerrek 80 liburu baino gehiago argitaratu ditu (laurdenak baino ez dira ingelesera itzuli) eskalatzaile eta esploratzaile gisa izandako esperientziei buruz. 2018an, Krzysztof Wielickirekin batera Asturiasko Printzesa Saria jaso zuen Kirol kategorian.
Lehenengo urteak eta heziketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messner Villnöß herrian jaio eta hazi zen, Brixen inguruan, Hego Tirolen. Arrebaren arabera, erditzea zaila izan zen, haurtxo handikotea zelako eta aireko eraso batean jaio zelako. Bere ama Maria (1913-1995) denda bateko jabearen alaba zen eta bere senarra baino 4 urte zaharragoa. Bere aita Josef (1917-1985) alemaniar armada zerbitzatzeko errekrutatua izan zen eta Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen errusiar frontean. Gerraren ondoren, irakasle laguntzaile izan zen 1957ra arte, eskola lokaleko zuzendari bihurtu zen arte. Messner bederatzi seme-alabetatik bigarrena izan zen: Helmut (1943an jaioa), Günther (1946-1970), Erich (1948an jaioa), Waltraud (1949an jaioa), Siegfried (1950-1985), Hubert (1953an jaioa), Hansjörg (1955ean jaioa) eta Werner (1957an jaioa); eta hazi egin zen bitarteko xumeekin.
Messnerrek bere lehen urteak Alpeak eskalatzen eta Dolomitekin maitemintzen eman zituen. Bere aita zorrotza zen berarekin. Reinhold bere lehen gailurrera eraman zuen bost urterekin.
Messnerrek 13 urte zituenean, 11 urteko bere anaia Güntherrekin eskalatzen hasi zen. Reinholdek eta Güntherrek hogei urte pasatxo zituztenean, Europako eskalatzaile onenen artean zeuden.
1960ko hamarkadatik, Messner, Hermann Buhlek inspiratua, Himalaian alpino estiloko alpinismoaren defendatzaile sutsuenetako bat izan zen, talde oso arinekin eta kanpoko laguntza minimo batekin eskalatzean zetzana. Messnerrek, espedizioaren ohiko estiloa (setio taktikak), natura eta mendiekiko errespetu falta bat zela uste zuen.
Ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970ean Messnerren Himalayako lehen eskalada handia, Nanga Parbaten eskalatu gabeko Rupal Aurpegia, arrakasta tragikoa izan zen. Bera eta bere anaia Günther gailurrera iritsi ziren, baina Günther bi egun beranduago hil zen Diamir Aurpegiaren jaitsieran. Reinholdek oinetako zazpi behatz galdu zituen, igoeran larri izoztu ondoren eta anputatu behar izan zutenak. Reinhold oso kritikatua izan zen eskalada honetan esperientzia gutxien zuen Güntherrekin jarraitzeagatik. Joseph Vilsmaierren Nanga Parbat filma 2010. urtekoa gertaeren kontakizunean oinarritzen da.
Messner eta Peter Habeler, Alpeetako Eiger Ipar Aurpegiko, ibilbide estandarretik (10 ordu) eta Les Droitesetik (8 ordu), igoera azkarrengatik nabarmendu baziren arren, 1975ean, Gasherbrum I.ean ibilbide berri bat ireki zuten hiru egunetan. Hori harrigarria zen une hartan.
1970eko hamarkadan, Messnerrek Everest mendira oxigeno osagarririk gabe igotzearen defentsa egin zuen, "bidezko bitartekoekin" edo inola ere egingo ez zuela esanez. 1978an Everest mendiaren gailurrera iritsi zen Habelerrekin. Hau izan zen oxigeno osagarririk gabe norbait hain goian egon zen lehen aldia, eta Messnerrek eta Habelerrek zenbait mediku, espezialista eta mendizalek ezinezkotzat jotzen zutena lortu zuten. 1980an tibetar isurialdetik balentria errepikatu zuen, Habeler gabe, montzoien denboraldian. Hau izan zen Everesteko bakarkako lehen igoera.
1978an, Nanga Parbateko Diamir Aurpegitik bakarrik igo zen. 1986an, Messner bihurtu zen hamalau zortzimilakoak (itsas mailatik 8.000 metro baino gehiagoko tontorra) igotzen lehena.
Messnerrek Antartika zeharkatu du eskiekin, bere lagun esploratzaile Arved Fuchsekin batera. 60 liburu baino gehiago idatzi ditu bere esperientziei buruz, eta horien laurdena itzuli egin da. 1984ko Werner Herzogen The Dark Glow of the Mountains filmean agertu zen. 1999tik 2004ra, kargu politiko bat izan zuen Europako Parlamentuko kide bezala Italiako Alderdi Berdean (Federazione dei Verdi). Mountain Wilderness nazioarteko gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileetako bat ere izan zen.
2004an 2.000 kilometroko espedizioa burutu zuen Gobi basamortuan zehar. 2006an Messner Mountain Museum sortu zuen.
Bizitza pribatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1972tik 1977ra, Messner Uschi Demeterrekin ezkonduta egon zen. Bere bikotekide Nena Holdguinekin alaba bat du, Làyla Messner, 1981ean jaioa. 2009ko uztailaren 31n, Sabine Stehle Vienako ehun-diseinatzailearekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten.
Espedizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1960–1970
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970 arte, Messnerrek ezagun egin zen batez ere Alpeetan lortu zituen lorpenengatik. 1960tik 1964ra, 500 igoera baino gehiago egin zituen, gehienak Dolomitetan. 1965ean, Ortlerren iparraldeko aurpegian direttissima berri bat igo zuen. Urte bete beranduago, Walker Spur igo zuen Jorasses Handietan eta Rocchetta Alta di Bosconero igo zuen. 1967an, Agnér mendiaren ipar-ekialdeko aurpegiaren lehen igoera egin zuen, baita Agnér mendiaren iparraldeko aurpegiaren eta Furchetta mendiaren iparraldeko aurpegiaren neguko lehen igoerak ere.
1968an, beste lehen igoera batzuk lortu zituen: Heiligkreuzkofeleko erdiko zutabea eta Marmoladaren hegoaldeko zuzeneko aurpegia. 1969an, Messner Andeetarako espedizio batera batu zen, non, Peter Habelerrekin batera, Yerupajáren ekialdeko aurpegitik gailurrerainoko lehen igoera egitea lortu zuen, eta, handik egun gutxira, Yerupaja Chicoren 6.121 metroko igoera egin zuen. Les Droitesen iparraldeko aurpegia, Philipp-Flammeko elkargunea Civettan eta Marmolata di Roccaren hegoaldeko aurpegia ere igo zituen. Horren ondorioz, Messnerrek Europako eskalatzaile onenetako bat izatearen ospea irabazi zuen. 1970ean, Himalaiarako espedizio garrantzitsu batean parte hartzera gonbidatua izan zen, Messnerren bizitzako inflexio puntuetako bat bezala har daitekeena.
Zortzimilakoen igoerak 1970etik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messner izan zen munduko hamalau zortzimilakoak (8000 metrotik gorako 14 mendiak) igo zituen lehen pertsona eta oxigeno osagarririk gabe. Berak egindako igoerak mendi bakoitzeko lehen 20 igoeren artean ere egon ziren. Zehazki, honako hauek dira:
Urtea | Mendia | Aipagarriak |
---|---|---|
1970 | Nanga Parbat (8125 metro) | Rupal Aurpegiaren lehen igoera eta mendiaren lehen zeharkaldia esploratu gabeko Diamir Aurpegitik behera bere anaia Güntherrekin. |
1972 | Manaslu (8163 metro) | Hego-mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera, aurretik horren argazkirik ez zegoen. Manasluko lehen igoera oxigeno osagarririk gabe. |
1975 | Gasherbrum I (8080 metro) | Oxigeno osagarririk gabeko lehen igoera Peter Habelerrekin. |
1978 | Everest (8848 metro), Nanga Parbat (8125 metro) | Everesteko lehen igoera oxigeno osagarririk gabe, Peter Habelerrekin batera.
Nanga Parbat: zortzimilako baten lehenengo bakarkako igoera kanpalekutik. Ibilbide berri bat ezarri zuen Diamir Aurpegian, ordutik inoiz errepikatu ez dena. |
1979 | K2 (8611 metro) | Alpetar estiloan partzialki egindako igoera Michael Dacherrekin Abruzzi Spurretatik. |
1980 | Everest (8848 metro) | Bakarrik eta oxigeno osagarririk gabe igo den lehenengoa, oinarrizko kanpalekutik tontorreraino, montzoian zehar. Ipar Aurpegian ibilbide berri bat ezarri zuen. |
1981 | Shishapangma (8027 metro) | Friedl Mutschlechnerrekin igo zen. |
1982 | Kangchenjunga (8586 metro), Gasherbrum II (8034 metro), Broad Peak (8051 metro) | Ibilbide berria Kangchenjungako iparraldeko aurpegian, neurri batean alpetar estiloan Friedl Mutschlechnerrekin.
Gasherbrum II eta Broad Peak: Sher Khan eta Nazir Sabirrekin. Messner denboraldi batean hiru 8000 milako eskalatu dituen lehen pertsona da. Negu partean Cho Oyun egindako tontor-saio huts bat ere bai. |
1983 | Cho Oyu (8188 metro) | Hans Kammerlander eta Michael Dacherrekin igo zen ibilbide partzialki berri batean. |
1984 | Gasherbrum I (8080 metro), Gasherbrum II (8034 metro) | Bi zortzimilako lehen zeharkaldia kanpaleku nagusira itzuli gabe (Hans Kammerlanderrekin). |
1985 | Annapurna (8091 metro), Dhaulagiri (8167 metro) | Annapurnako ipar-mendebaldeko lehen igoera.
Biak Hans Kammerlanderrekin igo ziren. |
1986 | Makalu (8485 metro), Lhotse (8516 metro) | Makalu: igoera Hans Kammerlander eta Friedl Mutschlechnerrekin, Lhotse: igoera Hans Kammerlanderrekin.
Messner 14 zortzimilakoak igo dituen lehen pertsona da. |
Nanga Parbat, 1970-1978
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Reinhold Messnerrek bost espedizio egin zituen Nanga Parbatera. 1970ean eta 1978an gailurrera iritsi zen (1978an bakarrik); 1971n, 1973an eta 1977an ez zuen gailurrik egin. 1971eko espedizioan bere anaiaren gorpuzkinak bilatu nahi izan zituen.
Nanga Parbat, Rupel Aurpegia, 1970
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970eko maiatz-ekainean, Messnerrek Karl Herrligkofferrek zuzendutako Nanga Parbat South Face espedizioan parte hartu zuen, bere helburua Rupal Aurpegia eskalatzea zelarik, oraindik eskalatu gabe zegoena, munduko izotz eta harkaitzezko hormarik altuena. Messnerren anaia ere, Günther, taldeko kidea zen. Ekainaren 27ko goizean, Messnerrek eguraldia azkar hondatuko zela uste zuen, eta bakarrik irten zen azken altuera handiko kanpalekutik. Harrigarria bada ere, bere anaia bere atzetik igo zen eta tontorra baino lehen harrapatu zuen Reinhold. Arratsaldearen amaieran, biak mendi tontorrera iritsiak ziren, eta iluntasunean geratu zirenean, lozakurik gabeko vivac bat inprobisatu behar izan zuten.
Ondorengo gertaerek lege-ekintzak eta liskarrak sortuko zituzten espedizioko kide ohien artean, eta oraindik ez dira behin betiko ebatzi. Orain ezagutzen dena Reinhold eta Günther Messner Diamir Aurpegitik jaitsi zirela da, honela, Nanga Parbaten lehen zeharkaldia lortuz zortzimilako baten bigarrena Everestekoaren ondoren 1963an. Reinhold sei egun geroago iritsi zen haranera izozte larriekin, baina bizirik atera zen. Hala ere, bere anaia, Günther, Diamir Aurpegian hil zen, Reinhold Messnerren arabera, jaitsieran, bata bestearengandik geroz eta gehiago banandu zirelarik. Ondorioz, ez dakigu heriotzaren ordua, lekua eta kausa zehatza. Messnerrek esan zuen bere anaia elur-jausi batek eraman zuela.
Espedizioaren ondorengo lehen urteetan, Messner eta Herrligkofferen arteko eztabaida eta epaiketak izan ziren. Mende laurdeneko bakearen ondoren, eztabaida berriro piztu zen 2001eko urrian, Messnerrek taldeko beste kideen aurkako salaketa harrigarriak egin zituenean, laguntza ez emateagatik. Gainerako taldekideek etengabe mantendu zuten Messnerrek mendia zeharkatzeko asmoa azaldu ziela tontorrera abiatu aurretik. Messnerrek berak dio, hala ere, Diamir Aurpegian bere anaiarekin batera jaisteko erabakia hartu zuela segurtasun arrazoiengatik. Max von Kienlin, Hans Saler, Ralf-Peter Märtin eta Reinhold Messnerren liburu berri batzuek, eztabaida piztu zuten (suposizio eta eraso pertsonalekin) eta prozedura judizial berrietara eraman zuten.
2005eko ekainean, mendian ezohiko bero bolada baten ondoren, bere anaiaren gorpua Diamir Aurpegian berreskuratua izan zen, dirudienez, Messnerrek Günther nola hil zen kontatzen duen istorioa babesten duena.
Drama Joseph Vilsmaierren Nanga Parbat (2010) filma bihurtu zen, Reinhold Messnerren oroitzapenetan oinarrituta eta espedizioko beste kide ohien parte-hartzerik gabe. 2010eko urtarrilean estreinatu zen zinema-aretoetan, eta taldeko beste kideek istorioaren alde bat bakarrik kontatzeagatik kritikatu zuten.
Izozte gogorren ondorioz, bereziki bere oinetan (zazpi hatz moztu zizkioten), Messnerrek ezin izan zuen hain ondo eskalatu harkaitzean 1970eko espedizioaren ondoren. Beraz, mendi garaienetara zuzendu zuen bere arreta, non izotza zen nagusi.
Nanga Parbat, bakarkako igoera, 1978
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978ko abuztuaren 9an, hiru espediziotan kale egin ondoren, Messner berriro iritsi zen Nanga Parbaten tontorrera Diamir Aurpegitik.
Manaslu, 1972
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1972an, Messnerrek Manaslu eskalatzea lortu zuen, mendiaren hegoaldeko aurpegitik, garai hartan ezezaguna zena, horren argazkirik ere ez zegoelarik. Azken kanpalekutik, Frank Jägerrekin igo zen. Azken honek tontorrera iritsi aurretik buelta eman zuen. Messner tontorrera iritsi eta gutxira, eguraldia erabat aldatu zen, eta laino eta elur trinko bat jaitsi zen. Hasieran, Messner beheranzko bidean galdu zen, baina, beranduago, ekaitzerantz zihoala, kanpalekura itzultzeko bidea aurkitu zuen, non Horst Fankhauser eta Andi Schlick bera eta Jägerren zain zeuden. Jäger ez zen itzuli, bere oihuak kanpamentutik entzun ziren arren. Orientazioa zailegia bihurtu zen. Fankhauser eta Schlick gau hartan bere bila hasi ziren, baina norabidea galdu zuten eta hasieran elur kobazulo batean babesa bilatu zuten. Messner bera ez zegoen jada bilaketa lanetan laguntzeko moduan. Hurrengo egunean Horst Fankhauser bakarrik itzuli zen. Andi Schlick gauean elurzulotik irten eta desagertu egin zen. Espedizioak, beraz, bi eskalatzaile galdu zituen. Messner beranduago kritikatua izan zen Jäger menditik bakarrik jaisten uzteagatik.
Everest
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978ko maiatzaren 8an, Reinhold Messner eta Peter Habeler Everesteko gailurrera iritsi ziren, oxigeno osagarririk gabe eskalatu zuten lehen pertsonak. Igoera honen aurretik, hau posible ote zen eztabaidatu zen. Messner eta Habeler Wolfgang Nairzek zuzendutako espedizio bateko kideak ziren hego-ekialdeko gandorretik. Espedizio honetan ere Reinhard Karl izan zen, tontorrera iritsi zen lehen alemaniarra, oxigeno osagarriaren laguntzarekin.
Bi urte beranduago, 1980ko abuztuaren 20an, Messner berriz ere munduko mendirik altuenean egon zen, oxigeno osagarririk gabe. Bakarkako eskalada honetarako, iparrekialdeko gandorra aukeratu zuen tontorreraino, non Iparraldeko Muinoaren gainetik zeharkatu zuen Iparreko Aurpegian Norton Couloirreraino, eta haitzarte aldapatsu hau tontorreraino igo zuen lehen pertsona izan zen. Messnerrek, bere kabuz, igoeran zehar, bide hau erabiltzea erabaki zuen, arriskutsuagoa zen ipar-ekialdeko gandorra saihesteko. Bakarkako igoera honen aurretik ez zuen kanpamendurik ezarri mendian.
K2
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1979rako, Messnerrek, K2a, zuzeneko ibilbide berri batetik eskalatzeko asmoa zuen, hegoaldeko aurpegian zehar, "Lerro magikoa" (Magic Line) deitu zuena. Messner buru zela, espedizio txikia sei eskalatzailek osatzen zuten: Alessandro Gogna, Friedl Mutschlechner eta Renato Casarotto italiarrak; Robert Schauer austriarra; eta Michael Dacher alemaniarrak, Jochen Hölzgen kazetaria eta Ursula Grether doktorea. Hasierako ibilbidean izandako elur-jausi arriskuagatik eta hurbilketan galdutako denboragatik, Abruzziren Spurretik igotzea erabaki zuten. Ibilbidea, soka finkoz eta altitude handiko kanpamenduz hornitua zegoen, baina ez zen garraio ekipamendurik erabili (Hochträger) ezta oxigeno botilaraturik ere. Uztailaren 12an, Messner eta Dacher gailurrera iritsi ziren; ondoren, eguraldia okertu egin zen eta taldeko beste kide batzuen saiakerek porrot egin zuten.
Shishapangma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tibeten egin zuen egonaldian, Everesten egin zuen bakarkako saiakeraren zati bezala, Messnerrek Shishapangma esploratzeko aukera izan zuen. Urtebete beranduago, Messnerrek, Friedel Mutschlechner, Oswald Oelz eta Gerd Baurrekin, kanpamentu basea iparraldean ezarri zuten. Maiatzaren 28an, Messner eta Mutschlechner oso eguraldi txarrarekin iritsi ziren tontorrera, mendiko eskiak erabili zituzten zati batean.
Kangchenjunga
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1982an, Messnerrek urte batean hiru zortzimilako igo zituen lehen eskalatzailea izan nahi zuen. Kangchenjunga eskalatzeko asmoa zuen lehenik, Gasherbrum II eta Broad Peak-i ekin aurretik.
Messnerrek, ibilbidearen aldaketa berri bat aukeratu zuen iparraldeko aurpegian. Espedizioaren garaian oraindik elur asko zegoenez, Messnerrek eta Mutschlechnerrek oso poliki egin zuten aurrera. Gainera, igoeraren zailtasun handiak soka finkoak erabiltzera behartu zituen bi mendizaleak. Azkenik, maiatzaren 6an, Messner, Mutschlechner eta Ang Dorje gailurrean izan ziren. Han, Mutschlechnerrek izoztu egin zituen eskuak eta, geroago, baita oinak ere. Jaitsieran Messner ere gaixotu egin zen. Amebiar abzesu hepatiko batek ahuldu zuen Messner. Azkenean, Mutschlechnerren laguntzarekin itzuli zen kanpamentu nagusira.
Gasherbrum II
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kangchenjungara igo ondoren, Mutschlechner Europara itzuli zen bere izozteak tratatu behar izan zituztelako eta Messnerrek atseden hartu behar zuelako. Beraz, hiru mendiak ezin izan ziren planeatutakoaren arabera eskalatu. Messner bere abzesu hepatiko amebiarretik sendatu zen, eta, ondoren, Gasherbrum IIra bidaiatu zuen, baina ezin izan zituen bere ibilbide berriak planeatuta zeuden bezala erabili. Nolanahi ere, bere eskalada kideak, Sher Khan eta Nazir Sabir, ez ziren behar bezain indartsuak izango. Hala ere, hirurak uztailaren 24an iritsi ziren tontorrera ekaitz baten erdian. Igoeran zehar, Messnerrek desagertutako alpinista austriar baten gorpua aurkitu zuen, bi urte beranduago, G I - G II bidegurutzean lurperatu zuena.
Broad Peak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1982an, Messnerrek Broad Peak igo zuen. Une horretan, bera zen mendi hau eskalatzeko baimena zuen pertsona bakarra; Jerzy Kukuczka eta Wojciech Kurtykarekin topo egin zuen, K2a eskalatzeko baimenak zituztenak, baina euren hurbiltasun geografikoa Broad Peak eskalatzeko erabili zuten legez kanpo. Igoeraren lehen deskribapenetan Messnerrek ez zuen ezer esan, baina urte batzuk geroago aipatu zuen. Abuztuaren 2an, Messner Nazir Sabir eta Khanekin bildu zen berriro. Hiru mendizaleak Broad Peakera joan ziren Gasherbrum II mendira igo eta berehala. Hasierako ibilbide arruntarekiko aldaketa batekin egin zen igoera.
Cho Oyu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1982-1983ko neguan, Messner Cho Oyuko neguko lehen igoera egiten saiatu zen. 7.500 metroko altuera bakarrik lortuz, elur masa handiek atzera egitera behartu zutelako. Espedizio hau izan zen lehena Hans Kammerlanderrekin. Hilabete batzuk geroago, maiatzaren 5ean, gailurrera iritsi zen Kammerlander eta Michael Dacherrekin batera.
Annapurna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985ean, Messner Annapurnako gailurrera iritsi zen. Ipar-mendebaldeko aurpegian bide berri bat erabiliz, Kammerlanderrekin gailurrera iritsi zen apirilaren 24an. Espedizioan, Reinhard Patscheider, Reinhard Schiestl eta Swami Prem Darshano ere bazeuden, tontorrera iritsi ez zirenak. Messner eta Kammerlander igo zirenean, eguraldi txarra izan zen, eta espedizioko beste hiru kideek lagundu behar izan zieten jaitsieran, elurte handiak zirela eta.
Dhaulagiri
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messner 1977an eta 1984an saiatu zen Dhaulagiri igotzen, arrakastarik gabe. 1985ean gailurrera iritsi zen. Kammerlanderrekin igo zen ibilbide normaletik ipar-ekialdeko gandorretik. Hiru eguneko eskaladaren ondoren, maiatzaren 15ean iritsi ziren tontorrera, ekaitz gogor baten erdian.
Makalu
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messner Makalu lau aldiz eskalatzen saiatu zen. 1974an eta 1981ean huts egin zuen hego-ekialdeko gandorraren hegoaldeko aurpegian. 1985-1986ko neguan, Makaluren neguko lehen igoera egiten saiatu zen, ohiko bidetik. Enpresa honek ere ez zuen arrakastarik izan. 2009ko otsailera arte ez zen Makalu mendia neguan arrakastaz eskalatu, Denis Urubkok eta Simone Morok egin zuten.
1986an, Messner itzuli egin zen eta Kammerlander eta Mutschlechnerrekin ohiko bidea eginez gailurrera iristea lortu zuen. Espedizio honetan zehar bi aldiz atzera egin zuten arren, hirugarren saiakeran iritsi ziren gailurrera, irailaren 26an. Espedizio honetan zehar, Messner Marcel Rüediren heriotzaren lekuko izan zen, zeinentzat Makalu bere bederatzigarren zortzimilakoa izan zen. Rüedi gailurretik itzultzen ari zen, eta Messnerrek eta gainontzeko eskalatzaileek jaitsieran ikusi zuten. Poliki aurrera egiten ari bazen ere, salbu zegoela zirudien. Berarentzat tea prest zeukatela, Rüedi elur-jausi baten atzean desagertu zen. Handik gutxira hilda aurkitu zuten.
Lhotse
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messnerrek bere azken ibilbide normala eskalatu zuen 1986an. Haize zakar batekin borrokatu behar izan zuen tontorrean. Urte horretan, eta negua iritsi baino lehen, Makaluko kanpaleku nagusitik Lhotseko kanpaleku nagusira zuzenean joan ziren espedizio kideak helikopteroz.
Horrela, Messner zortzimilakoak igotzen lehena izan zen. Igoera honen ondoren, Messnerrek ez du beste zortzimilakorik igo. 1989an, Messnerrek espedizio europar bat zuzendu zuen mendiaren hegoaldera. Helburua oraindik eskalatu gabeko bide bat egitea zen. Messnerrek berak ez zuen eskalatu nahi. Espedizioak ez zuen arrakastarik izan.
1970etik aurrerako beste espedizio batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1971 - Persia, Nepal, Ginea Berria, Pakistan eta Ekialdeko Afrikako mendietara bidaiak;
- 1972 - Noshaq (7.492 metro) Hindu Kushen;
- 1973 - Marmolada West Pillar, lehen igoera; Furchettako mendebaldeko aldea, lehen igoera;
- 1974 - Aconcaguako hegoaldeko horma (6,959 metro), partzialki berria "Hego Tiroleko ibilbidea"; Eigerreko Ipar Aurpegia Peter Habelerrekin 10 ordutan (34 urtez mantendu zen errekorra);
- 1976 - Denali mendia (McKinley) (6.193 metro), "Face of the Midnight Sun", lehen igoera;
- 1978 - Kilimanjaro (5.895 metro), "Breach Wall", lehen igoera;
- 1979 - Ama Dablam-en erreskatatzeko saiakera; lehenengo eskaladak Hoggar mendietan, Afrikan;
- 1981 - Chamlang (7.317 metro) Center Summit-North Face, lehen igoera;
- 1984 - Gasherbrum II eta I zeharkaldi bikoitza Hans Kammerlanderrekin;
- 1985 - Tibet Transversale, Kailashen esplorazioa;
- 1986 - Tibeteko ekialdeko bidegurutzea; Vinson mendia (4.897 metro, Antartika), 1986ko abenduaren 3an; horrela, Zazpi Gailurrak oxigeno osagarririk erabili gabe bete zituen lehen pertsona izan zen;
- 1987 - Bhutanera bidaia; Pamirra bidaia;
- 1988 - Yeti-Tibet bakarkako espedizioa;
- 1989 – 1990 - Antartikako zeharkaldia oinez (Hego Poloa zapalduz), 2.800 kilometroko ibilaldia Arved Fuchsekin;
- 1991 - Bhutango zeharkaldia (ekialdetik mendebaldera); "Hego Tirolen inguruan" posizionamendu ariketa bezala, non Ötzi aurkitzean periferikoki parte hartu zuen, momia ikuskatu zuten taldeen artean zegoelarik, bere hasierako aurkikuntzaren biharamunean;
- 1992 - Chimborazoko igoera (6,310 metro); Taklamakango basamortua zeharkaldia Xinjiangen
- 1993 - Dolpo, Mustang eta Manangera bidaia Nepalen; Groenlandiako zeharkaldia (diagonala) oinez, 2200 kilometroko ibilaldia;
- 1994 - Garbiketa-proiektua India/Gangotri iparraldean, Shivling eskualdean (6.543 metro); Rwenzori (5.119 metro), Uganda;
- 1995 - Artikoko zeharkaldia (Siberiatik Kanadara) huts egin zuen; Belukharako bidaia (4506 metro), Altai/Siberiako mendiak;
- 1996 - Bidaia Ekialdeko Tibetetik eta Kailashetik.
- 1997 - Bidaia Khamera (ekialdeko Tibet); espedizio txikia Karakorumera; filmazioa Ol Doinyo Lengai mendian (masaien mendi sakratua), Tanzanian
- 1998 - Altaiko mendietara (Mongolia) eta Atacamako Punara (Andes) bidaia
- 1999 - Filmaketa: San Frantzisko Peaks, Arizona (Navajoko Mendi sakratua); Thar-ren desartura bidaia, Indian
- 2000 - Hego Georgiako zeharkaldia Shackleton ibilbidean; Nanga Parbat espedizioa; ZDF Wohnungen der Götter ("Homes of the Gods") serierako filmazioa Fuji mendian/Japonian
- 2001 - Dharamsala eta Himalaya/Indiako mendilerroak; ZDF Wohnungen der Götter seriea Gunung Agung/Balin
- 2002 - "Mendien Nazioarteko Urtea" n, mendizaleen bisita Andeetara eta Cotopaxiren igoera (5,897 metro), Ekuador
- 2003 - Trekking Everestera (lehen eskalada arrakastatsuaren berrogeita hamargarren urteurrena); bidaia Franz Joseph Land/Arctic-era; urriaren 1ean "Günther Mendi Eskolaren" inaugurazioa Diamir haranean, Nanga Parbat/Pakistanen
- 2004 - Gobi basamortuaren zeharkaldia (Mongolia) oinez, 2.000 kilometro inguruko ibilaldia
- 2005 - Dyva Nomads-etara bidaia Mongolian; "denboran bidaia" Nanga Parbaten inguruan/Pakistan
Zazpi Gailurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1985ean, Richard Bassek, lehen aldiz, "Seven Summits" (Zazpi Gailurrak) bezala ezagutzen den mendizaletasunaren erronka aurkeztu eta lortu zuen, zazpi kontinenteetako mendirik garaienak igoz. Messnerrek beste zerrenda bat proposatu zuen (Messner edo Carstensz zerrenda). Kosciuszko mendiaren ordez Puncak Jaya edo Indonesiako Carstensz piramidea (4.884 metro) jartzea proposatu zuen. Mendizaletasunaren ikuspuntutik, "Messner Zerrenda" da desafiatzaileena. Carstensz piramidea eskalatzea, espedizio baten izaera du, Kosciuszkoko igoera, ibilaldi erraz bat den bitartean. 1986ko maiatzean, Pat Morrow "Messner Zerrenda" osatu zuen lehen pertsona izan zen, Messner bera bigarren pertsona izan zen, Vinson Mendira 1986ko abenduan egindako igoeraren ondorioz.
Errekorren Guinness liburua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Messner bederatzi aldiz agertzen da Errekorren Guinness Liburuan. Erregistro guzti hauek "Munduko Lehenak" kategoriakoak dira, "Lehen Historikoak" bezala ere ezagutzen dena. "Munduko Lehenak" Errekorren Guinness Liburuen mailarik altuena da, titulu honen jabetza ez delako inoiz amaitzen. 2020an, gizabanako baten esku dagoen munduko bigarren zenbakirik altuena da Messnerrena. Zenbakirik altuena (13) Fiann Paulek du.
- Manasluko lehen igoera oxigeno osagarririk gabe
- Everesteko bakarkako lehen igoera
- Everestera eta K2ra lehen aldiz igotzea oxigeno gehigarririk gabe - (Gizonezkoa)
- Hiru mendi altuenen lehen igoera oxigeno osagarririk gabe - (Gizonezkoa)
- 8.000 metroko mendiko lehen hat-tricka
- 8.000 metroko mendiak oxigeno osagarririk gabe eskalatzen lehena
- 8.000 metroko mendiak eskalatzen lehena
- Everesteko lehen igoera oxigeno osagarririk gabe
- Gasherbrum I mendiaren lehen igoera oxigeno osagarririk gabe
Messner Mountain Museum
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2003an, Messner mendizaletasun museo baterako proiektu batean lanean hasi zen. 2006ko ekainak 11n Messner Mountain Museum (MMM) inauguratu zen, museo bakar batean mendien hazkunde eta gainbeheraren, Hego Tiroleko historiaren eta Himalaia eskualdeko kulturaren historiak biltzen dituen museoa. Messner Mountain Museum bost kokapenetan dago:
- MMM Firmian Sigmundskron Gazteluan, Bozenetik gertu, da museoaren pieza nagusia eta gizakiak mendiekin duen harremanean oinarritzen da. Schlern mendiaren tontorrez eta Texel mendilerroaz inguratuta, MMM Firmianek mendien geologian, mendiek pertsonen bizitzan duten esanahi erlijiosoan eta mendizaletasunaren eta turismo alpinoaren historian oinarritutako erakusketak ditu, zeinak, bide, eskailera eta dorreetan kokatuak daude. Dorre zuria deritzona, herriaren historiari eta Hego Tiroleko independentziaren aldeko borrokari eskainia dago.
- Mmm Juval, Burggrafenamteko Juval gazteluan, "Mendien magiari" eskainia dago, mendi mistikoak azpimarratuz, Kailash mendia edo Ayers Rock kasu, eta bere esanahi erlijiosoa. MMM Juvalek arte bilduma batzuk ditu.
- MMM Dolomites, Lainoetako Museoa bezala ezaguna, Monte Riten dago (2,181 metro) Pieve di Cadore eta Cortina d 'Ampezzo artean. Antzinako gotorleku batean kokatua, museo hau harkaitzen gaiari eskainia dago, bereziki Dolomitei, Dolomiten eraketaren historian zentratzen diren erakustaldiekin. Tontorreko behaketa plataformak, inguruko Dolomitetako 360º-ko panorama bat eskaintzen du, Schiara mendia, Agnèr mendia, Civetta mendia, Marmolada, Pelmo mendia, Tofana di Rozes, Sorapis, Antelao eta Marmarolera begira.
- MMM Ortles Sulden on the Ortleren izotzari buruzkoa da. Lurpeko egitura hau 1.900 metrora dago eta izotz gaineko mendizaletasunaren eta munduko glaziar handien historian oinarritzen da. Museoak Ortlerren munduko margolan bildumarik handiena du, baita azken bi mendeetako izotz eskalada ekipamenduak ere.
- MMM Ripa, Hego Tiroleko Brunico gazteluan, Asia, Afrika, Hego Amerika eta Europako mendietako herriei eskainia dago, euren kultura, erlijio eta jarduera turistikoak azpimarratuz.
- MMM Corones, 2015eko uztailean Kronplatz mendiaren tontorrean inauguratua, eskalada tradizionalari eskainia dago.
Karrera Politikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999an, Europako Parlamentuko kide aukeratu zuten Messner, Berdeen Federazioak (FdV) Italiako alderdi berdearen ordezkari, eta 20.000 boto baino gehiago jaso zituen Europako hauteskundeetan. Bere agintaldia bete zuen 2004 arte, politikatik erretiratu zen arte.
Messner ofizialki Hego Tiroleko berdeen kide zen, soilik Hego Tirolen aktibo zegoen alderdi politiko erregionalista eta ekologista bat, de facto, FdVren eskualde adar bat bezala jokatzen duena.
Bizitza osoan zehar, baita bere ibilbide politikoa amaitu ondoren ere, politika berdeen eta ingurumen-politiken defendatzaile sutsua izan da, eta beroketa globalaren aurkako borrokan aktibista.
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2012an bere bizitzari buruzko Messner izeneko dokumentala estreinatu zen. Halaber, himalaistak berak hainbat dokumental egin ditu.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasieran aipatu bezala, alpinista ezagunak liburu ugari idatzi ditu, 80tik gora. 2023an, 4 urte lehenago Messner-ek idatzitako "Zain dezagun mendia" kaleratu zuen Sua edizioak argitaletxeak, Ioritz Gonzalez Lertxundik itzulia.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Alemanez) R. Messnerrren webgunea
- (Alemanez) "Nanga Parbat (Reinhold Messner)" pelikula.