Edukira joan

Procida

Koordenatuak: 40°45′40″N 14°01′09″E / 40.7611°N 14.0193°E / 40.7611; 14.0193
Wikipedia, Entziklopedia askea
Procida
Procida
Italiako udalerria
Administrazioa
Herrialdea Italia
Italiako eskualdeak Campania
Italiako hiri metropolitarraMetropolitan City of Naples
Jatorrizko izenaProcida
Posta kodea80079
ISTAT kodea063061
HerriburuaProcida
Geografia
Koordenatuak40°45′40″N 14°01′09″E / 40.7611°N 14.0193°E / 40.7611; 14.0193
Map
Azalera4,26 km²
Altuera22
Mugakideakbaliorik ez
Demografia
Biztanleria10.092 (2023ko urtarrilaren 1a)
−373 (2018)
Dentsitatea2.369 bizt/km²
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia081
Ordu eremuaUTC+01:00 eta UTC+02:00
Katastro kodeaH072
Sailkapen sismikoa2 (Ertaina)
MatrikulaNA
comune.procida.na.it eta procida.it…

Procida (italieraz ˈprɔːtʃida ahoskatua) Italia hegoaldean, Campania eskualdean dagoen uharte eta udalerri bat da, 10.600 biztanle inguru dituena; Napoliko golkoko Flegrear uharteetako bat da, Ischia, Vivara eta Nisidarekin batera.

Uharteak 3,7 km²-ko azalera dauka, eta 16 km-ko perimetroa. Bi herrigune ditu, bata uhartearen ekialdean, Corricella auzoa, eta bestea iparraldean, Marina Grande, zeinetara iristen diren Procida Ischiarekin eta Napolirekin lotzen duten ferryak. Vivara (0,4 km²) izeneko irlatxoa du mendebaldean, naturagune babestua izendatuta dagoena, zubi batez lotua.

Uharteko punturik garaiena (91 m) Terra Murata izeneko zatia da, Erdi Aroko bizigune gotortuaren kokaleku izandakoa.

Uhartetik kontinentera dagoen gutxieneko distantzia 3,4 km-koa da (Procidako kanala). Uharteak oso profil ebakia dauka, sartu-irten ugarirekin, bere jatorri bolkanikoaren ondorioz.
Geologia aldetik, gaur egun, itzalita eta urpean dauden lau sumendi desberdinen erupzioek sorrarazi zuten duela 55.000 eta 15.000 urte bitartean; eta, beraz, Pozzuoli ondoko Flegrear Zelaiak direlakoekin erlazionatuta dago morfologikoki.

Izan ere, uharte osoa toba horiz eta toba grisez eratuta dago, bai eta bestelako zenbait material bolkanikoz ere, hala nola basaltoak.

Erromatarren garaian, uhartearen izena Prochyta zen.

Vivara irlatxoan egindako aurkikuntza arkeologiko batzuek pentsarazten dute uhartea populatuta zegoela gure aroa baino lehenagoko XVI - XV mendeetan, Mizenastar jatorriko kolonoekin.

Seguru aski, g.a. baino lehenagoko VIII. mende inguruan, Eubea uhartetik iritsitako kalkistar kolonoek okupatu zuten, eta, geroago, Kumaseko greziar biztanleek, aurkikuntza arkeologikoek eta uharteko zenbait leku-izenek iradokitzen duten bezala.

Erromatarren garaian, hainbat villa zeuden uhartean sakabanatuta, baina badirudi ez zegoela egiazko bizigunerik; seguru aski, erromatar patrizioen oporlekua zen, bai eta mahastiak lantzeko etxalde batzuen kokagunea. Juvenal idazleak, adibidez, egonaldi lasai bakartiak egiteko leku egokitzat jo zuen bere satira batean.

Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketaren ondoren, Napoliko konte bizantziarraren mende egon zen. Garai hartan, longobardiarren eta sarrazenoen inbasioetatik ihesi iritsitako jendearen babesleku bihurtu zen, eta VI. menderako badirudi bazegoela bizigune egonkor bat uhartean, garaiko dokumentu baten arabera.

Bizigune gotortu bat egon zen uharteko zatirik garaienean, gure egunotara Terra Murata ("lur harresitua") izenarekin iritsi dena.

Normandiarrak Italia hegoaldeaz nagusitu zirenean, Salerno aldeko jaun feudal baten mende egon zen bi mendez.

Siziliako aragoitar erregearen flotak kontrolatu zuen gero 1286-1299 bitartean eta geroago anjoutarren mende egon zen.

Garai honetan guztian, uhartearen ekonomia batez ere nekazaritzari lotuta egon zen, baina arrantzak gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan zen.

Garai modernoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlos V.aren garaian, uhartea haren jeneral baten jabetza bihurtu zen, baina pirata sarrazenoen erasoak jasaten jarraitu zuen, otomandarren eta espainiar inperioaren arteko borroken barruan. Khayr Al-Din Bizargorri piratak 1534an egindako eraso batean, uharteak triskantza handiak jasan zituen eta biztanle askok esklabo bukatu zuten. Eraso gehiago egon ziren beste hainbat alditan. Hortik datoz uhartean garai hartan eraiki ziren talai ugariak, Terra Murata inguruan eginiko bigarren harresia eta D'Avalos gazteluaren eraikuntzaren hasiera (1563), Giovan Battista Cavagna eta Benvenuto Tortelli arkitektoen eskutik. Lepantoko guduaren ondoren, aldiz, piraten erasoak asko urritu ziren mendebaldeko Mediterraneoan, eta horri esker uhartekoen bizi-baldintzak asko hobetu ziren, itsasoari eta nabigazioari lotutako ekonomia-jarduerak jaio zirelarik.

Napoliko Erresumara Borboi dinastiaren esku geratu zenean, 1734an, uharteko biztanleen bizi-baldintzak hobetu egin ziren, batez ere Karlos III.aren bidez feudalismoa bukatu zenetik. Haren eskutik, Procida Koroaren jabetza bihurtu zen, ehiza-erreserba gisa.

Une horretan hasi zen Procidako itsas-industria goia jotzen, itsasontzigintzaren bitartez; XIX. mendean, hainbat urtez, Italia hegoaldean eraikitzen ziren itsasontzietatik asko eta asko Procidan eraikitzen ziren. Horren ondorioz, Procida 16.000 biztanle izatera iritsi zen.

1799an, Procida Napolitar Errepublikaren aldeko mugimenduetan parte hartu zuen, Frantziako Iraultzaren oihartzunez, baina Borboitarrak zenbait hilabete geroago boterera itzuli zirenean, Procidako hamabi biztanle urkatu egin zituzten, gaur egun Piazza dei Martiri deitzen den lekuan.

Ondoko urteetan, hainbat txikizio eta kalte jasan zituen uharteak, bere kokaleku estrategikoaren ondorioz, frantses eta ingelesen arteko gerren barruan. 1809an, 4.000 pertsona baino gehiagok abandonatu zuten uhartea, frantsesen aurkako seigarren koalizioaren bukaeran garaituak izan ziren itsasontzi ingelesen atzetik. Horrela, 1860an Borboitarrak erori eta Italiaren bateratzea gertatu zenean, Procidarrak horren alde agertu ziren.

1833an, uhartearentzat garrantzi handia izan zuen zerbait gertatu zen: Fernando II.a erregeak Udalaren Eskola Nautikoa (Scuola Nautica Comunale) fundatu zuen, itsasontzietarako marinel, ofizial eta kapitainak prestatzeko.

Mende honek Procidako itsasontzigintzaren gainbehera ekarri zuen, eta horren biztanle-kopuruaren beherakada eragin zuen. Uharteko ekonomia nabigazioari, arrantzari eta, azken hamarkadetan, turismoari lotua gelditu da. Hainbat urtez, Procidako Eskola Nautikotik Italiako eta mundu osoko itsasontzi konpainietan lan egitera iritsitako ofizial ugari atera eta gero, azkenaldi honetan jaitsiera handi bat ari da gertatzen sektore honetan ere, nabigazioaren mekanizazioaren ondorioz eta itsas-garraioan herrialde azalkorretatik etorritako langile gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz.

Turismoa ere ez da oso sektore garatua Procidan, ez behintzat Ischia edo Caprirekin konparatuta, beharbada ekimen enpresarial nahikorik ez delako egon eta turismorako egitura egokirik ere ez duelako, nahiz eta uhartea nahiko interesgarria izan paisaien eta naturaren ikuspegitik.

Gauzak horrela, Procidako biztanle askok uhartetik kanpo lan egiten dute. Eta, uharte barruan, arrantzan eta nekazaritzan.

Procidako herri-arkitektura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Procidako arkitektura tradizionala.

Uharteko bizigune zaharretan, oso ezaugarri propioak dituen herri-arkitektura garatu zen, elkarren gainka jarritako etxeekin, fatxadetako arku eta eskailera aldapatsu samarrekin, bai eta kolore oso biziekin eta ganga-itxurako teilatuekin ere. Kaietako etxeek oso pastel-kolore biziak izaten dituzte, desberdinak etxe batetik bestera, tradizioaren arabera marinelek itsasotik garbi bereizi ahal izateko.


Procida literaturan eta zinean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai klasikoan, Juvenalek, Estaziok eta Virgiliok aipatu zuten Procida beren literatura-lanetan.

Italierazko literaturan, Procida Giovanni Boccaccioren Dekameronean agertzen da agertoki bezala, Gian da Procida eta Restitutaren arteko maitasuna kontatzeko.

XIX. mendeko idazle frantses batek, Alphonse de Lamartinek, Graziella izenburuko eleberri idilikoa idatzi zuen, zeinetan kontatzen dituen Procidako arrantzale familia bateko alaba batekin izan zuen maitasunari buruzko oroitzapenak. Lan honetan oinarritutako film bat egin zen, izenburu berarekin, 1955ean, Giorgio Bianchiren zuzendaritzapean.

XX. mendean, Elsa Morante idazle italiarrak L'isola di Arturo (Arturoren uhartea) eleberri ospetsua idatzi eta 1957an argitaratu zuen, zeinetan Procidan girotutako istorio bat kontatzen den. Damiano Damiani zine-zuzendariak film bat egin zuen, eleberrian oinarrituta, 1962an, urte hartako Donostiako Zinemaldian urrezko maskorra irabazi zuena.

Bestalde, Procida film askotako agertoki bihurtu da, haren panorama ederrei eta arkitektura mediterraneo tipikoari esker; aipagarrienak, Il postino (Nerudaren postaria), Antonio Skármeta idazlearen lan batean oinarritua, Michael Radfordek zuzendua 1994an, Philippe Noiret, Massimo Troisi eta Maria Grazia Cucinotta aktoreekin; eta The Talented Mr. Ripley ('Ripley jaunaren talentua'), 1999koa, Anthony Minghellak zuzendua, Matt Damon aktorearekin.

Itsasoko eta lurreko (orburuak eta limoiak, batez ere) produktuak dira nagusi uharteko sukaldaritzan.

Procidako limoiak oso handiak izaten dira, ez oso garratzak eta barruko mami zuri oso lodikoak. Entsalada berezi bat egiten dute bertan limoi puskekin, baratxuria, olioa, pipermina, gatza eta mendafinarekin. Oso tipikoa da, orobat, limoncello izeneko likorearen ekoizpena ere.

Beste plater tipiko bat spaghetti alla pescatora povera da, piper berdeekin, tomate txikiekin eta antxoekin.

Gozokien artean, casatiello dolce eta lingua direlakoak aipa daitezke.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]