Pavel Aleksandrov
Pavel Sergeievitx Aleksandrov (Bogorodsk, Errusia, 1896ko apirilaren 25a (juliotar egutegian) edo maiatzaren 7a (gregoriotar egutegian) - Mosku, 1982ko azaroaren 16a) errusiar matematikaria izan zen. Lehenengo ikasketak Smolensken egin zituen, eta 1913an graduatu zen. Moskuko Unibertsitatean Stepanovekin ikasi zuen, eta hark bultzatuta Jegoroven mintegietara joan zen. 1915ean bere lehen froga garrantzitsua aurkeztu zuen. 1920-1921 urteak Smolensken igaro zituen, unibertsitatean eskolak ematen. Urte haietan Urysohn matematikaria ezagutu zuen, eta handik aurrera lankide izan ziren. Ikasketak bukatu ondoren, Moskuko Unibertsitateko irakasle hautatu zuten, eta bertan topologia, analisia eta Galoisen teoria irakatsi zituen. Urysohnekin batera, Hausdorff, Fréchet eta beste matematikari batzuek topologiaren arloan sortutako teoria aurrera eraman zuen. Besteak beste, espazio trinkoen kontzeptua asmatu zuten. 1926etik aurrera Hopfen lankide izan zen, eta 1927-1928 ikasturtea Princetonen eman zuten; bertan Lefschetz, Veblen eta Alexander matematikariekin lan egin zuten. 1929an, Moskuko Unibertsitateko matematikako irakasle izendatu zuten. 1935ean Topologia izeneko liburua argitaratu zuen. Horrez gainera, Aleksandrovek 300 argitalpen zientifiko egin zituen; topologiako kontzeptu ugari asmatu zituen eta homologiaren teoriaren hastapenak ezarri zituen. Lan horrengatik guztiagatik ohore asko jaso zuen; elkarte eta akademia askotako kide izan zen, eta Stalin saria ere jaso zuen (1943).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.