Kaplan turbina
Kaplan turbina fluxu axialeko erreakzio turbina hidraulikoa da. Helize formako beso mugikorrak ditu eta Viktor Kaplan austriarrak asmatu zuen 1913an.
Eskuarki, ur emari handiko eta garaiera txikiko ur-jauzietan erabiltzen da, eta beso mugikorrak turbinaren errendimendu onenera egokitzeko gai dira, unean uneko presioaren eta ur emariaren arabera. Moldagarritasun hori dela eta, ur-jauzi eta emari tarte zabalean lan egiteko gai da, 10–70 metro artean eta 5-200 MW bitarteko potentzian.
Turbina hau Francis turbinaren eboluzio bat da. Kaplan turbina jauzi txikidun (hau da, presio txikidun) kasuetan errendimendu energetiko ona duen turbina da, Francis turbinak lortzen ez duen gauza. Errodeteko alabeak mugikorrak dira beti, eta beharraren arabera doitu daitezke; beso banatzaileak, aldiz, finkoak edo mugikorrak izan daitezke. Errodeteko besoak baino ez badira mugikorrak, orduan semi-Kaplan turbina dela esaten da, eta beso banatzaileak ere mugikorrak badira benetako Kaplan turbina dela esaten da.
Helize turbinek, berriz, Kaplan turbinaren antzekoak izan arren errodeteko besoak finkoak dituzte. Azken hauek jauzia eta emaria ia konstanteak diren kasuetan erabiltzen dira.