Brasilgo geografia
Brasilgo mapa topografikoa | |
Eremua | |
Osoa | 8.515.767 km² |
Lehorra | 8.460.415 km² |
Ura | 55.352 km² |
Latitudea | 10°0' S |
Longitudea | 55°0'W |
Mugak | |
Argentina | 1.263 km |
Bolivia | 3.403 km |
Guyana | 1.308 km |
Guyana Frantsesa | 649 km |
Kolonbia | 1.790 km |
Paraguai | 1.371 km |
Peru | 2.659 km |
Surinam | 515 km |
Uruguai | 1.050 km |
Venezuela | 2.137 km |
Itsas erreklamazioak | |
Ondoko eremua | 24 itsas milia |
Ekonomia-eremu esklusiboa | 200 itsas milia |
Jurisdikziopeko urak | 12 itsas milia |
Muturreko garaierak | |
Puntu beherena | 0 m (Ozeano Atlantikoa) |
Puntu gorena | 2.994 m (Pico da Neblina) |
Brasil Hego Amerikako ekialdeko estatua da. Iparraldean Venezuela, Guyana, Surinam, Guyana Frantsesa eta Ozeano Atlantikoarekin du muga, ekialdean Ozeano Atlantikoarekin, hegoaldean Uruguairekin, mendebaldean Argentina, Paraguai, Bolivia eta Perurekin, eta ipar-mendebaldean Kolonbiarekin; beraz Hego Amerikako estatu guztiekin du muga, Txile eta Ekuadorrekin izan ezik. Atlantikoko uhartedi batzuk ere hartzen ditu, hala nola, Fernando de Noronha, Atol das Rocas, Done Petri eta Done Paulo eta Trindade eta Martim Vaz. 8.515.767 kilometro koadroko eremua dauka[1].
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru alde nagusi bereiz daitezke Brasilen:
- Brasilgo goi-lautada goi-ordoki zabala da, 300-900 metro bitarteko garaiera hartzen duena, mendilerroez zeharkatua eta ibarrez hautsia. Serra da Mantiqueira, Serra do Mar eta Serra Geral dira mendilerro nagusiak. Ez dira oso mendi garaiak, 1.200 metro gehienez ere, baina 2.000 metrotik gorako tontorren bat edo beste ere bada Serra da Mantiqueiran (Pedra da Mina, 2.798 m) eta Serra do Maren (Pico Maior de Friburgo, 2.366 m).
- Amazonasen arroa herrialdeko lurraldearen heren bat baino gehiago hartzen du. Lur behereak dira (150 m batez beste), zingirak eta urpean geratzen diren eremu zabalak gehienbat. Arroaren parte handi bat oihan hezea da, munduko baso eremu osoaren zazpiren bat. Oihanean barneratzeko zailtasuna dela eta, eremu zabalak ez dira orain dela gutxi arte esploratu.
- Amazonas arroaren iparraldean beste mendialde bat dago, Guyanetako ezkutuaren barruan: Serra do Tumucumaque, Serra do Acaraí (906 m), Serra Parima (2.727 m). Mendialde horretan, Serra do Imeri mendikatean eta Venezuelarekiko mugan dago Brasilgo tontorrik garaiena, Pico da Neblina (3.014 m).
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zazpi ibai arro nagusi daude:
- Amazonasen arroa. Munduko handiena da. Brasilgo eremuaren erdia baino gehiago hartzeaz gain, Bolivia, Peru, Kolonbia, Guyana, Surinam eta Guyana Frantsesan hedaturik dago. Amazonas ibaiak 3.770 kilometro egiten ditu Iquitos (Peru) eta itsasoa bitartean, eta ontziz egin daitezke guztiak. Içá, Japurá, Negro eta Trombetas dira eskuinaldeko adar nagusiak, eta Juruá, Purus, Madeira, Tapajós eta Xingu ezkerraldekoak.
- Rio de la Plataren arroa. Brasil, Uruguai, Bolivia, Paraguai eta Argentinan hedatua, Paraná, Paraguai eta Uruguai ibaien arroak hartzen ditu. Ibai batzuek jauzi handiak egiten dituzte (Iguazuko ur-jauziak, adibidez) eta munduko indarretxe sare handiena osatzen dute.
- Tocantins-Araguaiaren arroa.
- São Franciscoren arroa.
- Ipar-ekialdeko arroak. Garrantzitsuena Parnaíba ibaia da.
- Ekialdeko arroa. Pardo, Jequitinhonha eta Mucuri dira ibairik handienak.
- Hego-ekialde eta hegoaldeko arroak. Ribeira de Iguape, Itajaí, Jacuí eta Camacuã dira aipagarrienak.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sei klima eremu nagusi bereizten dira Brasilen[2]:
- Klima ekuatoriala (Af): Amazonian, Mato Grossotik iparraldera eta Maranhãotik mendebaldera. Beroa eta hezea da. Urteko batez besteko tenperatura 24 °C eta 26 °C artekoa da, eta prezipitazioa 2.000 mm-tik gorakoa (3.000 mm-tik gorakoa eskualde batzuetan), ongi banatua urte guztian.
- Klima tropikala: herrialdearen erdialdean, Bahia eta Minas Geraisen mendebaldea, Piauíren zati handiena eta Maranhãoren ekialdea hartuz. Horrelako klima dago iparraldeko Roraima estatuan ere. Bi urtaro daude: uda beroa eta euritsua, eta negu epela eta lehorra. Urteko batez besteko tenperatura 20 °C eta 28 °C artekoa izaten da; neguan, ekaina eta uztailean batez ere, tenperatura apalena 12 °C-16 °C arteraino jaisten da. Urteko prezipitazioa 1.500 mm ingurukoa da, baina asko aldatzen da eskualde batzuetatik besteetara (500-2.000 mm).
- Mendialdeko klima tropikala (Cwa): Brasilgo goi-lautadako eskualderik garaienetan, São Paulo, Minas Gerais, Rio de Janeiro eta Espírito Santo estatuetan. Urteko batez besteko tenperatura 18 °C eta 24 °C artekoa izaten da; neguan maiz botatzen du izotza, fronte hotzen eraginez. Uda euritsua da.
- Klima tropikal hezea: Ozeano Atlantikoaren bazterrean, Rio Grande do Nortetik São Pauloren ekialdeko muturreraino. Beroa (batez besteko tenperatura 18 °C eta 26 °C artekoa) eta euritsua urte osoan.
- Klima subtropikal hezea (Cfa) eta klima ozeaniko epela (Cfb): Kaprikornio tropikotik hegoaldera, hots, São Pauloren hegoaldea, Paraná, Santa Catarina, Rio Grande do Sul eta Mato Grosso do Sulen hegoaldeko muturra. Lau urtaro daude, uda beroa da, eta negua hotza. Urteko batez besteko tenperatura 14 °C eta 22 °C artekoa izaten da (10 °C mendialdean), eta prezipitazioa 1.250 eta 2.000 mm artekoa.
- Klima erdi-agorra (BSh): Região Nordesteren barnealdean, Alagoas, Bahia, Ceará, Minas Gerais, Paraíba, Pernambuco, Piauí, Rio Grande do Norte eta Sergipe estatuetan. Tenperatura altuak (urteko batez bestekoa 27 °C ingurukoa) eta prezipitazio urriak (500-750 mm urtean) izaten dira.
Ingurumena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amazoniako baso galera handia dela eta, arrisku handian dago bertako animalia eta landare askoren bizilekua. Rio de Janeiro, Sao Paulo eta beste hiri handi batzuetan kutsadura arazoak daude. Meatzaritzak ere uraren kutsadura dakar zenbait lekutan.
Datu orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kokapena: Hego Amerikako ekialdean, ekuatoreak zeharkaturik, Ozeano Atlantikoaren ertzean[1].
Koordenatu geografikoak:
Azalera:
- osoa: 8.515.767 km²
- lehorra: 8.460.415 km²
- ura: 55.352 km²
Herrialdearen mugak:
denetara: 16.145 km
Erresuma mugakideak:
- Argentina 1.263 km
- Bolivia 3.403 km
- Guyana 1.308 km
- Guyana Frantsesa 649 km
- Kolonbia 1.790 km
- Paraguai 1.371 km
- Peru 2.659 km
- Surinam 515 km
- Uruguai 1.050 km
- Venezuela 2.137 km
Itsasbazterra: 7.491 km
Muturreko garaierak:
- puntu beherena: Ozeano Atlantikoa, 0 m
- puntu gorena: Pico da Neblina 2.994 m
Baliabide naturalak: bauxita, urrea, burdina, manganesoa, nikela, fosfatoak, platinoa, eztainua, lur arraroak, uranioa, petrolioa, hidroelektrizitatea, egurra
Lurren erabilera: (2011)
- nekazaritza-lurrak: %32,9
- basoak: %61,9
- beste: %5,2
Lur ureztatua: (2012) 54.000 km²
Arrisku naturalak: Lehorteak ipar-ekialdean, uholdeak, eta batzuetan izotzaldiak, hegoaldean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/01/14 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b CIA-The World Factbook: Brazil. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-1-14).
- ↑ Climates that occur in Brazil. brcactaceae.org (Noiz kontsultatua: 2017-1-14).