Edukira joan

Germaniako Erromatar Inperio Santua

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Germaniako Erromatar Inperio Santua
Imperium Romanum Sacrum
Heiliges Römisches Reich
962 – 1806
Hautazko monarkia
Germaniako Erromatar Inperio Santuko bandera

Germaniako Erromatar Inperio Santuko armarria

Inperio Santua 1630 inguruan oraingo estatuekin erkatua
Geografia
HiriburuaErroma (962-1448)
Viena (1448-1806)
Kultura
Hizkuntza(k)Latina eta germaniar, erromantze eta eslaviar hizkuntzak
ErlijioaKatolizismoa
Kalbinismoa
Luteranismoa
Historia
Sorrera962
Desagerpena1806
Aurrekoak
Frankoen erresumak
Ekialdeko Frantzia
Ondorengoak
Antzinako Suitzar Konfederazioa
Prusiako erresuma
Rhingo Konfederazioa[[Image:|border|20px]]
Liechtensteingo printzerria
Austriar Inperioa
Italiako erresuma
Herbehereetako Probintzia Batuak
Belgikako Estatu Batuak

Germaniako Erromatar Inperio Santua[1], batzuetan Lehen Reicha ere deitua, Europa erdialdeko zenbait herrialderen batasun politikoa izan zen, Erdi Arotik Aro Modernoaren bukaera arte iraun zuena. 962 urtean sortu zuten Verdungo Hitzarmenarekin.

Inperio Santua Europa erdialdeko egitura politiko nagusia izan zen Napoleon I.a enperadoreak suntsitu zuen arte. XVIII. mendean gaur egungo Alemania, Txekia, Austria, Liechtenstein, Eslovenia, Belgika, Luxenburgo eta Poloniaren zati handi bat hartzen zituen. Aurretik, Herbehereak, Suitza eta Italia eta Frantziako eremu zabalak ere Inperio Sainduko zati izan ziren.

Inperioaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldeko Italia, mendebaldeko germaniar guztiak (saxoiak eta bavariarrak barne) azpiratuta, Mendebaldeko Europan Karlos Handiaren nagusitasuna 800ean Erroman enperadore titulua jasotzeak egiaztatu zuen. Nolanahi ere, iloben arteko gatazkak zirela eta Inperioa banandurik amaitu zen, hala nola Verdungo Hitzarmenean.

Germaniako Erromatar Inperio Santua frankoen ekialdeko erresumatik garatu zen. 919tik 936 arte, germaniar herriak (frankoak, saxoiak, suabiarrak eta bavariarrak) Heinrich Saxoniako dukearen agindupean batu eta errege titulua hartu zuen.

Oton I.a Handiak 936an koroatu zuten Aachenen. Erregearen autoritatea apezpikuak eta abadeak Inperioko printze izendatuz areagotu zuen. 951n Adelheid Lonbardiako erreginarekin ezkondu zen, eta, hortaz, Italiako iparraldea bere agindupean geratu zen. Erresumarekiko kanpoko mehatxuak geldiarazi zituen 955ean hungariarrak mendean hartuz eta Elba eta Oder ibaien arteko eslaviarrak garaituz. Hori zela eta, Oton 962an Erroman, enperadore izendatu zuen Aita Santuak. Oton I.aren eta haren oinordeko Oton II.a eta Oton III.aren garaiari Otondar pizkundea deritzo, izandako pizkunde ekonomiko eta artistikoa zela-eta.

Germaniako Erromatar Inperio Santuko koroa, gaur egun Vienan.
Part of the imperial coat, 1857
Sakontzeko, irakurri: «Inbestiduren auzia»

Inbestiduren auzia Erdi Aroko Europan botere erlijioso eta sekularren arteko gatazkarik garrantzitsuena izan zen. Elizako karguak nork, enperadoreak ala aita santuak, zuen izendatzeko ahalmena zela-eta hasi zen XI. mendean, Heinrich IV.a eta Gregorio VII.aren artean. Anatematuta, Enperadorea Canossan 1077an Aita Santuaren aurrean makurtu zen. Azkenean, 1122an, behin behineko bakea iritsi zen Wormseko Itunari esker. Aita Santuen eta enperadoreen arteko gatazkek luzeago iraun zuten, harik eta Iparraldeko Italia guztiz alemaniarren eskutik at geratu zen arte.

Auziak, 50 urtez gerra zibila eragin ondoren, enperadoreen boterea murriztu zuen, goiko noblezia eta elizgizonen mesedetarako. Epe luzean, enperadorearen boterearen murrizketak Alemania banandurik XIX. mendera arte ezarri zuen. Aita Santuari zegokionez, boterea handitu zuen.

Beste gatazka bat Inperio barneko nagusitasunarengatik Hohenstaufen eta Welf (Guelfo bezala ere ezaguna) etxeen artekoa izan zen. Welf etxeko Bavaria eta Saxoniako dukea, Heinrich Harroa enperadoregai nabarmendua izan zen, baina bere boterearen eta joera oldarkorraren beldurrez, Hohestaufen leinuko Konrad III.a aukeratu zuten hauteslek.

Konrad III.ak bi dukerriak kendu zizkion, baina Heinrich Lehoia semeak berreskuratu ahal izan zituen. Bavaria itzultzerakoan (1156) nolabaiteko konpromisoa hartu zuten bi alderdiek, Austria dukerri bereizia bihurtuta. Nolanahi ere, 1176an, Legnano batailaren ostean, Frederiko I. Bizargorri enperadoreak berriro dukerriak kendu zizkion, lurralde zabal horiek jabetu nahi zuten beste printze germaniarren laguntzarekin. Frederiko I.ak Aita Santuarekin bakea lortu zuen berriro 1177an Venezian.

Frederiko II.ak (1212-1250), halere, Italiako konkistari berrekin zion, Aita Santuaren kontrako gatazka berriz irekiz. Borroka horretan hiru aldiz jaso zuen anatema enperadoreak. Inperioan, botere zabalak eman zitzaizkien elizako botereei zein sekularrei, zeinek benetako estatu independenteen sorrera ekarri zuen. Frederiko II.aren heriotzaren ostean, Hohenstaufen leinuak krisialdia ezagutu zuen, urte batzuetan enperadorerik ez baitzegoen Inperioan.

Sakontzeko, irakurri: «Alemaniarren ekialderako hedapena»

Gatazka politikoez gain, beste prozesu batzuk gertatzen ari ziren Alemanian aldi berean. Nagusienetakoa ekialderako hedapena izan zen.

Goi Erdi Aroan, Europa osoan populazioa bizkor hazi zen. Oihanak eta padurak soro bihurtzeak, nahiz eta era masiboan gertatu, ezin izan zuen elikagai aski hornitu. Ostsiedlung prozesuan, alemaniarrak Elba eta Saale ibaiez bestaldean kokatu ziren, non eslaboak bizi ziren.

XII. mendean hasi ziren alemaniarrak Bohemia, Silesia, Pomerania, Polonia edo Livonia gisako lurraldeetan era masiboan herriak eta hiriak eraikitzen, batik bat, Saxoniako autoritatea sorbiar eta wendiar zonaldeetan nagusitzean. Prusiar zaharreko konkista babesteko 1220ko hamarkadan gonbidaturik, Teutondar Ordenaren etorrerak Itsaso Baltikoko kokapenak areagotu zituen.

Sakontzeko, irakurri: «Hansa»

XII. mendetik aurrera hiri berriak sortu ziren gaztelu, jauregi, monasterio edo gotorlekuen ondoan Inperioko lurralde osoan. Hirietan, askatasun eta eskubide bereziak jarri ziren indarrean, landetako populazioak jaun nobleen menpeko jarraitzen zuen bitartean. Partikularki, zenbait hiri Inperioko Hiri Aske bihurtu ziren. Horrek esan nahi zuen ez zeudela inolako jaunaren azpian, ez sekular ez erlijioso, baizik eta Enperadorea zuten buru bakarra.

Hiriak, oro har, ibilbide luzeko merkatari dirudunek kontrolatzen zituzten. Esku langileek gremioak osatzen zituzten, arautegi zorrotzen azpian, hirien gaineko kontrola bereganatu nahian. Ekialdeko eta iparraldeko salerosketak ugaldu ziren, Lübeck buru zuen Hansako Liga garatzen zen heinean.

Nolanahi ere, Hansan ez zeuden bakarrik Inperioaren azpiko hiria baturik, Herbehereetakoak, Norvegiakoak eta Ingalaterrakoak ere bazeuden. Batasun hori XIII. mendean sortu zen Kolonia eta beste 29 hiriren artean, interes komunak babesteko asmotan. Merkataritza-pribilegio andana jaso zituen batasun horrek, batik bat Ingalaterran, Flandrian eta Errusian ere.

Lübeck eta Hanburgo hiriek 1241ean, Itsaso Baltiko eta Itsaso Beltzaren arteko ibilbide komertzialaren gaineko kontrola partekatzeko hitzarmena sinatu zuten. Bi hiri horiek 1252an Flandriarekin ere salerosketarako itunak sinatu zituzten. Honela, Brugesek, Flandriako hiri nagusiak, Hansako garapenean parte hartze handia izan zuen. Geroago Londresekin ere hartu-eman komertzialak abian jarri zituzten. Bremen eta Danzig sartu ziren geroago, eta haien atzetik Westfaliako, Rhin aldeko, Herbehereetako, Prusiako, Lituaniako eta Estoniako beste hiri asko.

Federazio hori, 1343an Hansa deituta, Danimarkari gerra egitera ausartu zen. Garaituta, Danimarkak kalte-ordainak ordaindu behar izan zituen eta horrek batasunaren ahalmen ekonomikoa handitu zuen. Hurrengo urteetan, merkataritza gune berriak zabaldu zituen Iparraldeko Europan. Horrela, nekazaritza eta nolabaiteko industria garatu ahal izan zituen, baita ubideak eta errepideak eraiki ere.

Nolanahi ere, XV. mendearen amaieran, batasuna gainbehera hasi zen, Europan estatu subiranoen garapenaren, Amerikako aurkikuntzaren eta Herbehereetako zein Ingalaterrako itsaso nagusitasunaren ondorioz.

Erreforma Protestantea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Erreforma Protestante»
Martin Luther 1529an.

XVI. menderako, Germaniako Erromatar Inperio Santuan Eliza Katoliko politikakeriak eta ustelkeriak nahigabea hedatu zuten. Jokabide maltzur horiek Martin Luther apaiz alemaniarrak salatu, eta, aldatzen saiatu zen. Wittenbergeko elizako atean, 1517an, indulgentzien kontrako tesiak iltzatu zituen, Erreformari hasiera emanez.

Lutherren tesiek Elizaren hierarkiaren oposizioa topatu zuten. Izan ere, 1521ean Karlos V.a buru zuen Wormseko Dietan Lutherren ideiak arbuiatu ziren era ofizialean. Edonola ere, Inperioan zehar Erreformako tesiak azkar eta luze zabaldu ziren. Haiei aurre egiteko, Loiolako Inaziok sortutako Jesusen Lagundiak, batik bat, bultzatu zuen Kontra-Erreforma Alemanian 1545etik aurrera. Erdialdeko zein Ipar-ekialdeko Alemania guztiz protestante zeuden jadanik, eta mendebaldeko zein hegoaldeko Alemaniak katoliko segitu zuten.

Apaiz erreformatzaileen erretolikari eutsita, Suabia, Frankonia eta Turingiako nekazariak jaunen aurka matxinatu ziren 1524an. Hala ere, tokian tokiko printzeek altxamenduak menderatu ahal izan zituzten. Erreformatzaile eta Katolikoen arteko borrokek gehiago iraun zuten, aldiz. Katolikoen buru zen Karlos V. enperadoreak protestanteak 1546an garaitu zuen. Alabaina, 1555eko Augsburgeko Bakearen bidez, fede luteranoa onartu zen. Halaber, itunean, Cuius regio, eius religio printzipioaren azpian adierazi zen estatuko erlijioa gobernatzailearen erlijioa izatekoa zela.

Hogeita Hamar Urteko Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Hogeita Hamar Urteko Gerra»

Katoliko eta protestanteen arteko gatazkaren erpina Hogeita Hamar Urteko gerrarekin (1618-1648) etorri zen. Aldi berean, zio politikoak tartean ere bazeuden: Inperioko zenbait estatuk bere boterea handitu nahi zuten, eta enperadoreak batasun politikoa eta erlijiosoa lortu nahi zuen.

Bohemiako noblezia enperadorearen kontra matxinatzean hasi zen borroka, berehala Europa osora zabaldu zen arren. Espainiak enperadore katolikoaren alde egin zuen, eta Danimarkak, Suediak nahiz Richelieu kardinaleko Frantzia katolikoak ere (Habsburgotarren nagusitasunaren beldurrez) printze protestanteen alde. Alemania gerrako eszenatoki nagusia izan zenez, herrialdeko zonalde zabalak suntsiturik suertatu ziren, haren populazioaren heren bat gutxi gorabehera hil zen eta txirotasuna nagusitu zen nonahi.

Gerra 1648an amaitu zen Westfaliako Bakea sinatzerakoan. Enperadoreak Frantziaren eta Suediaren onurako lurraldeak galdu zituen. Herbehereek, de facto 80 urtez independente egon ondoren, Inperio Saindua de jure uzten zuten. Enperadorearen boterea, honela, murriztu zen tokian tokiko printzearen mesedetan.

Prusiaren hedapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Prusia»
Prusiaren hedapena.

Westfaliako Bakeetan etekin handienetakoa atera zuen Inperioko estatua Prusia izan zen, Ekialdeko Pomerania eskuratu baitzuen; baina horren aurretik ere estatu aski handia zen, 1618an Prusiako Dukerria eta Brandenburgeko Margraverria batu zirenetik.[2] Inperiotik kanpo lurraldeak ere zituenez, 1701ean Prusian Erregeko titulua (ez Prusiako erregea, enperadorea ez eragoztearren) hartu zuen Frederiko I.ak.

Frederiko Gilen I.arekin izugarrizko armada eraiki zuen Prusiak. Voltaireren hitzetan: "Estatu gehienek armada dute baina Prusiako armadak estatua du". Suedia garaitutakoan, Pomeraniako gainerakoa eskuratu zuen Prusiak. Frederiko II.a Handiak Silesia konkistatu zion Austriari Silesiako gerretan (1740-1763). Gainera, Zazpi Urteko Gerran, Austriak, Frantziak eta Errusiak osaturiko koalizioari aurre egin ahal izan zion arrakastaz. Orduz geroztik, Alemaniako politika Prusia eta Austriaren arteko lehiak (Alemaniako dualismoa) markatu zuen 1866 arte.

  • (Ingelesez) Arnold, Benjamin, Princes and Territories in Medieval Germany. (Cambridge University Press, 1991)
  • (Ingelesez) Coy, Jason Philip et al. The Holy Roman Empire, Reconsidered, (Berghahn Books, 2010)
  • (Ingelesez) Donaldson, George. Germany: A Complete History (Gotham Books, New York, 1985)
  • (Ingelesez) Evans, R.J.W., and Peter H. Wilson, eds. The Holy Roman Empire 1495–1806 (2011); specialized topical essays by scholars
  • (Ingelesez) Hahn, Hans Joachim. German thought and culture: From the Holy Roman Empire to the present day (Manchester UP, 1995).
  • (Ingelesez) Scribner, Bob. Germany: A New Social and Economic History, Vol. 1: 1450–1630 (1995)
  • (Ingelesez) Treasure, Geoffrey. The Making of Modern Europe, 1648–1780 (3rd ed. 2003). pp. 374–426.
  • (Ingelesez) Zophy, Jonathan W., ed. The Holy Roman Empire: A Dictionary Handbook (Greenwood Press, 1980)
  • (Alemanez) Heinz Angermeier. Das Alte Reich in der deutschen Geschichte. Studien über Kontinuitäten und Zäsuren, München 1991
  • (Alemanez) Karl Otmar Freiherr von Aretin. Das Alte Reich 1648–1806. 4 vols. Stuttgart, 1993–2000
  • (Alemanez) Peter Claus Hartmann. Kulturgeschichte des Heiligen Römischen Reiches 1648 bis 1806. Wien, 2001
  • (Alemanez) Georg Schmidt. Geschichte des Alten Reiches. München, 1999
  • (Alemanez)Deutsche Reichstagsakten

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]